Marieniako lurretan barazkiak landatuko dituzte maiatzaren 17an

Apirilaren 30ean, maiatzaren erditsuko mobilizazio eguna iragarri dute Kanboko Marieniako lurretan OSTIAk, ELBk eta Lurzaindiak. Parada izan da lur horien artifizializazioaren salazeko berriz ere, eta Herri Elkargoari mezu baten pasarazteko.

Marieniako lurretan barazkiak landatuko dituzte maiatzaren 17an
Marieniako lurren iraultzea apirilaren 30ean. IRULEGIKO IRRATIA.
Antton Castoreo
2025/04/30 17:18

Barazkiak landatuko dituzte maiatzaren 17an Marieniako lurretan. 50 bat pertsona bildu dira asteazken huntan Kanbo eta Itsasu arteko lurretan, berriz ere laborantxako lurren defenditzeko. Lurra itzuli dute barazkien landatzeko eremua prestatzeko gisan.


Azken auziak galdu ondotik, mobilizaturik egon nahi dute militanteek. Hirigintza planoaren kontrako lehen auzia eta dei auzia galdu zituzten, baina kasaziora jo dute. Arrapostuaren beha badira beti, erabaki dute hala ere Elkarogaren abokatuen argumentuen salatzea. Laborariek eta herritarrek ez dute onartzen erran dezaten Marieniako lurrak ez direla laborantxarako baliatzen eta ez direla hortako on. Horren kontra egiteko, froga gisa, barazkiak landatu nahi dituzte maiatza erditsutan.

Lurren prestatzeko, asteazken huntako hitzorduaz baliatu dira lurraren iraultzeko. Orotara, hektara erdiko eremuan landatuko dituzte barazkiak: biper eztiak, kuiak edota patatak.


Mobilizazioaz baliatu dira militanteak berriz ere Jean-René Etchegarayri galdegiteko Marieniaren aferari buruzko egiazko eztabaida bat izan dadin elkargoaren baitan. Erran behar da 66 hautetsik galdea ofizalki egin zutela eta lehendakariak onartu zuela. Baina ordutik, nahiz eta bilkura batzu iragan diren, aferari buruzko solasik ez da gertatu.

Nahi Dugun Herria Kanboko oposizioko taldeak sustengatu du OSTIAren, ELBren eta Lurziandiaren iniziatiba. Nahiz eta asteazken huntan ez den antolatzaileetan agertu, Cimade elkartearekin horien sustengua adierazi deete.

Hitzordua maiatzaren 17rako emana dute. Goizean 11:00etan bi ibilaldi izanen dira, bat Kanboko herriko etxetik eta bestea Itsasuko herriko etxetik. Biek junta eginen dute Marieniako lurretan. Bazkariaren ondotik, arratsaldean eginen da landaketa.

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu