Mayie Daguerre abertzalea 2020an gaur egungo auzapez den Charles Massondoren «Aintzina Donapaleu» zerrendan aurkeztu zen. Irabazi ondotik, 2023an dimisioa eman zuen Daguerrek, auzapezarekin ukan desadostasunengatik. Aurten zerrendaburu izanen da.
Abertzale bat Donapaleuko Herriko Etxeko auzapez aulkian berreskuratzeko bidean jadanik abiatua zen. Gaur beste abertzale bat norgehiagokan sartu da. Mayie Daguerre, duela 70 urte Donapaleun sorturik, hautagaia izanen da martxoan, Donapaleuko auzapezgoan. "Donapaleu Elgarrekin" zerrenda apolitikoa, herrikoia, parte-hartzailea eta dinamikoaren buru izanen da.
Mayie Daguerre abertzalea 2020an gaur egungo auzapez den Charles Massondoren «Aintzina Donapaleu» zerrendan aurkeztu zen. Oroitarazteko 2020an Charles Massondo Donapaleuko auzapez bilakatu zen, Barthélémy Aguerreren aurka, abertzaleekin egindako aliantzari esker. Aliantza horren kari, Mayie Daguerre lehen axuant bilakatu zen.
Alabaina, 2023an dimisioa eman zuen, kargualdi erdian, auzapezarekin topatutako desadostasun batzuen ondotik, bereziki urbanismo arloan eta xerri merkatuaren proiektuan. Martxoko hauteskundeetan, zerrendaburu aurkeztuko da, besteak beste, azken mandatu horretan oposizioan zen Daniel Garikoitzekin. Hamar emazte eta bederatzi gizonek zerrenda osatzen dutela adierazi badute ere, ez dute oraindik izenik iragarri nahi, ez eta programa zehaztu.
Aldiz, pundu bat agerian ezarri du zerrendak, abertzale gisa ezaguna den Mayie Daguerre, etiketarik gabe aurkeztuko da aurten. Helburu bakar baten pean ibiliko dira hemeretzi hautagaiak, "denen onetan aritzea". "Herritarrengandik hurbil eta etorkizunari begira izaitea" dute asmo. Dudarik gabe konfigurazio berezia hartuko duen norgehiagokari begira, Daguerrek azaldu digu Donapaleu herriak funtzionamendu anpletua merezi duela, gardena eta arduratsua. Finantza arrangurak ere aipatu dituzte haien aurkezpenean.
Beste aldetik, Pettan Aizager axuantak gehiengoaren segida eramanen du hauteskundeetan, eta beraz 2020an ber zerrendan ziren bi abertzaleak bata bestaren kontra Donapaleuko Herriko Etxearendako borrokatuko dira. Mayie Daguerrek ez digu erantzun izan nahi dimisio horri buruz, ez eta gehiengoa eramanen duten bere zerrenda ohiko kideer buruz.