Arberatze-Zilhekoa (Baxe Nafarroa)

Merina Gris, DAM, Imarhan eta Bele, aurtengo EHZko lehen iragarpenen artean

Ekainaren 26tik 28ra izanen da Euskal Herria Zuzenean festibalaren 30. urteurreneko edizioa, Arberatze Zilhekoan. Euskal Herriko eta nazioarteko artistak nahasten dituen programazio baten lehen izenak zabaldu dituzte antolatzaileek.

Merina Gris, DAM, Imarhan eta Bele, aurtengo EHZko lehen iragarpenen artean
Hirugarren urtea izanen du EHZk Arberatze Zilhekoan. EHZ FESTIBALA
Aimar Lopez Erasun
2026/03/02 14:13

Berezia izanen dela iragarri zuten. Zazpi talde, bi dantza ikusgarri eta antzezlan bat iragarri ditu gaur EHZk, eta sartzeak salgai eman, 43 euroan. Musikarietan, Merina Gris, Bele eta Silitia euskal taldeak, DAM palestinarrak eta Imarhan aljeriarrak izanen dira pentzean, eta plazan -urririk-, Cordcore eta Olaya Sound System.

Maitane Sarralde eta Madre Perla dantzariak ere izanen dira EHZn, baita Gaizka Cmahizo antzerkilariaren Heroiaren mina antzezlana ere. Aurten, azken urteetan ez bezala, ikusgarri hauetako batzuk zirku karpa batean izanen dira, EHZren aitzineko edizio zonbaitetan egin moduan.

30. urteurreneko euskarriak, bide ederrean

30 urteak markatzeko, podcast bat, liburu bat eta dokumental bat argitaratuko ditu aurten EHZk. Uhinen ildoan podcasta otsaila hastapenetik ari dira bi astero hedatzen, podcast plataformetan, Euskal Irratietan eta baita webgune honetan bertan ere. Liburuaren aitzinsalmenta maiatzean hasiko da, eta EHZn bertan ere izanen da eskuragarri. Dokumentala berriz, udazkenean proiektatuko dute Ipar Euskal Herriko zinema gehienetan eta Hego Euskal Herriko hainbat kulturgunetan.

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu