Cirphis harra beste urteetan baino lehenago sartu da pentzeetan eta belar guztia jaten ari da, FDSEA sindikatuak salatu duenez. Ez dute produktu kimikorik erabiltzeko eskubiderik, eta laborariak babesik gabe sentitzen direla adierazi dute.
Ez da zerbait berria, Cirphis harra pentzeetan erregularki ikusten den har bat da. Kezkagarriagoa dena da, aurten sekulan baino goizago sartu dela eta negurako aurreikusia duten belarra jaten ari dela. Egun bakar batean sekulako desmasia eragin dezakeela salatzen du FDSEA sindikatuak eta zati batzuk xuri uzten dituela.
Iban Pebet FDSEAko ordezkariak adierazi digu, laborariak kezkatuak direla, ezin baitute harren kontrako produktu kimikorik erabili eta mekanikoki ez baitute lortzen harra desagerrarazten. Duplomb gisako legeen kontra izatea ongi dela baina Pebeti iduritzen zaio, holako kasuek erakusten dutela batzuetan ez dela produktu kimikoez aparte beste aterabiderik.
Gaur egun programa bat abiatu dute har arrautzen intsektu parasitoekin baina momentuz esperimentazio fasean dira eta fase horrek urte batzuk iraun ditzake. Bitarte horretan produktu kimiko batzuk erabiltzeko eskubidea eman diezaieten eskatzen diete autoritateei.