Mikel Epaltza eta Josu Urrutikoetxea, Aieteko akordioaz, gatazkaz eta transmisioaz

'Buruz buru' saioko lehen atalean, Josu Urrutikoetxea eta Mikel Epaltza, aurrez aurre aritu dira solasean duela hamabost urte sinatu zen Aieteko bake hitzarmenaz; ETA erakundeaz, negoziaketez eta berradiskidetzeaz.

Mikel Epaltza eta Josu Urrutikoetxea, Aieteko akordioaz, gatazkaz eta transmisioaz
Iosu Urrutikoetxea eta Mikel Epaltza izan dira Buruz Buru saioko lehen gonbidatuak. EUSKAL IRRATIAK
Jose Luis Aizpuru
2026/10/30 07:14

Mikel Epaltza Ziburuko Sokoa auzoko arrantzaleen apez eta bake artisaua, eta Josu Urrutikoetxea ETA erakundeko kide izana eta Eusko Legebiltzarreko diputatu ohia, Buruz Buru ataleko lehen bi gonbidatuak izan dira. Harreman luzea dute, duela 50 urte baino gehiago elkar ezagutzen baitute, "pentsa, Josuren seme alabak bataiatu nituela...", oroitarazi digu Mikelek, Josu besarkatuz.


Hamabost urte bete dira Aieteko Adierazpen famatua sinatu zenetik. Hitzarmenak bidea ireki zion ETA erakundearen amaierari eta bake prozesuari abiadura. Hiru urte geroago, ETAk behin betiko su-etena iragarri zuen, eta 2018ko maiatzean desegin zen. Beraz, badira hamabost urte armak utzi zituela, eta zortzi urte existitzen ez dela.


Aieteko Adierazpenak esperantza handia piztu zuela uste du Mikel Epaltzak baina bidea luzea dela. "Nik hor ikusten nuen esperantza izugarri bat, bide bat zabaltzen zela. Esperantza hori gero gauzatu da. Bete da. Amets baten gibelean gaude. Badakit. Bidea amets baten bidea da, eta beti dago egitekoa. Bai, hori da ikusi behar dena. Esperantza gauzatu den. Hor daukagu gakoa". Josu Urrutikoetxearen arabera Aieterekin gatazka ez zen bukatu, nahiz eta ETA erakundeak armak isildu zituen: "Gatazka hor dago, hau da, Aiete zerbaiten hasiera suposatu bazuen, hau da, erakundeak erabaki zuela hor bukatzen zela bere jardun armatua. Horrek ez du inondik inora suposatu borroka bukatu dela, zeren gure eskubideen aldeko borroka hor dago. Beraz, gatazkak segituko du gure helburuak bete arte. Eta orduan, gatazkak beste forma bat du, forma politikoa".


Gatazka politiko armatua ez zela ETA erakundearekin jaio aipatzen du Mikel Epaltzak, gatazkaren aferaz galdetzen zaionean. "Gatazka hitza ezkorra da. Euskaldunak gara. Euskal Herri bat dago, eta hartu behar duzu Euskal Herria dagoen bezala. Eta diktadurapean zapalduak ginen. Nire guraso denak iheslariak ziren. Nire aitatxi-amatxiek ez dute sekula ikusi haien herria hogeitamaseian etorri zirenetik. Gatazka bat da herriaren izateko modu bat, zapalduak izatea. Gerlak galdu ditugu, baina mendeetan eta urteetan erakutsi dute euskaldunek burua xutik zutela. Herriaren defentsan, herriaren alde. Zenbat jendek eman du bere bizia herria zutik egoteko?"

Gatazka bat da herriaren izateko modu bat, zapalduak izatea. Gerlak galdu ditugu, baina mendeetan eta urteetan erakutsi dute euskaldunek burua xutik zutela. Herriaren defentsan, herriaren alde. Zenbat jendek eman du bere bizia herria zutik egoteko?



Hamazazpi urtetan sartu zen ETA erakundean Josu, diktadura garaian, gazte andanaren antzera. "Garai hartan gazte gazteak eta ametsez beteak ginen, zoritxarrez, formakuntza eskasarekin. Garai hartan eta garai hartatik gaur egunera, 2026an gaude, eta gorabehera guztiak, gatazka bat suposatzen duenarekin. Gure kasuan, eskubideen aldeko tresna guztiak hartzea erabaki genuen. Bere gordinkeria osoarekin, zoritxarrezko atzerapausoak ez dituen ondorio latzak, alde batetik, eta bestetik, horrek suposatzen duen guztiarekin. Baina konturatu behar gara Euskal Herria bezalako herri txiki bat, bi estatuek zapaltzen zutela eta dutela", gehitzen du Urrutikoetxeak.


Gure kasuan, eskubideen aldeko tresna guztiak hartzea erabaki genuen. Bere gordinkeria osoarekin, zoritxarrezko atzerapausoak ez dituen ondorio latzak, alde batetik, eta bestetik, horrek suposatzen duen guztiarekin. Baina konturatu behar gara Euskal Herria bezalako herri txiki bat, bi estatuek zapaltzen zutela eta dutela


Negoziaketa eta solasaldi garai ezberdinak ezagutu ditu Josu Urrutikoetxeak, Espainiako estatuarekin izan harremanetan: Algerrekoa, Lizarra Garazi, Suitza edo Oslokoa. Testuinguru ezberdinetan eman zirela dio, eta bakoitzak bere emaitza eman izan duela. "Estatu batekin hitz eginda gure presoen egoera hobetu baldin bada, eta gaur egun ia denak, salbu bat, Euskal Herriko kartzelatan baldin badaude, izan da, egoera politikoak ahalbideratu duelako. Espainiako Gobernua nolabait bortxatua bilakatu delako, hain zuzen, urrats horiek ematera eta presoak Euskal Herria ekartzeko". Urrutikoetxeak dio negoziaketa prozesuak etengabeak izan direla, eta egoeraren arabera, aldatzen joan direla.


Euskal Herriko alderdi politiko eta eragileen arteko solasaldiak izan dira 50 urte hauetan. Xibertakoa eta Lizarra-Garazikoa izan dira ezagunenak. Mikel Epaltzak penaz hartzen ditu bi porrotak. "Xibertakoa pena bat izan zen. Bazen aukera; hainbeste sufrimendu eta gero, gerra zibila eta gero,... aukera zen hauteskundeetara joatea elkarrekin, euskaldunek bat egitea....". Lizarra-Garaziko porrota ere mingarria egin zitzaion: "Herri guztietan sekulako mugimendua izan zen, izugarria zen, gainera, Irlandak lortu zuen bake prozesu hori irabaztea. Eta orduan Irlandan gertatu zen hau Euskal Herrian ere gerta litekeela? Herriaren indar guztiak bildu genituen. Ikusi behar da ze mobida izan den. Eta izan zen guretzako desesperazio handi bat. Tren hori hautsi zelarik, erakundeak ere atentatu bat egin zuen. Nik uste dut Lizarra-Garazi izan dela puntu handi bat".

Herriaren indar guztiak bildu genituen. Ikusi behar da ze mobida izan den. Eta izan zen guretzako desesperazio handi bat. Tren hori hautsi zelarik, erakundeak ere atentatu bat egin zuen. Nik uste dut Lizarra-Garazi izan dela puntu handi bat


Josu Urrutikoetxeak Lizarra-Garaziko akordioaren testuinguruan, EAJ-PNV alderdia ikusten du hausturaren eragile nagusi gisara, eta baita ETA erakundearen pazientzia politiko eza. "Beste testuinguru bat ematen da Lizarra-Garazirekin, eta hor uste dut errudun desberdinak daudela, bai PNVk bere jukutriarekin segitu zuelako eta baita ere, nire uste apalean, ezker abertzaleak, kasu honetan erakundeak, ez zuela agian jokatu jokatu behar zuen bezala, ez dakit pazientzia politiko gehiagorekin,.... Uste dut erruduna ez dela baten gainean jarri behar".



Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu