Donostia (Gipuzkoa)

Mundu osoko zinearen erakusleiho izanen da Donostia bihartik landa

Naomi Wattsek eta Werner Herzogek jasoko dute Donostia Saria, Jose Ramon Soroizek Zinemira saria. Jose Luis Rebordinosek azken edizioa du zuzendaritzan: Maider Belokiri pasako dio aurten lekukoa.

Mundu osoko zinearen erakusleiho izanen da Donostia bihartik landa
Kursaaleko areto nagusian estreinatzen dira Sail Ofizialeko filmak. Pablo Gómez/ZINEMALDIA
Aimar Lopez Erasun
2026/09/17 08:00

Bihar hasi eta hilaren 26ra arte luzatuko da Donostiako Zinemaldiaren 74. edizioa. Hamar egunez eta sailez sail, 258 film hedatuko dira, orotara 658 emanalditan. Horien artean, 61 izanen dira mundu mailan lehen aldiz ikusgai.

Sail Ofizialak ez badu momentuz ikusmira handia sortu duen titulurik, oso nazioartekoa da, Alemania, Espainia, Frantzia, Turkia, Hong Kong, Estatu Batuak, Suedia, Japonia, Argentina edo Norvegiatik heldu diren filmekin. Baita Euskal Herritik ere, lehiaketaz kanpo Sail Ofizialean estreinatuko baitu Koldo Almandozek bere hirugarren film luzea, Azken Agurra. Hileta zeremonia laikoak egiten dituen gizon baten istorio gorabeheratsua du ardatz komedia beltz honek. Epaimahaian, bidenabar, Patricia Lopez Arnaiz aktore euskalduna izanen da, Ira Sachs epaimahaiburuaren taldean.

Euskal zineari dagokionez, 31 euskal ekoizpen izanen dira aurtengo Zinemaldian, horietatik hamar bat euskaraz. Iazko loralditik urrun, 27 izan baitziren euskarazko filmak, eta euskal zinemaren Zinemira sailean oso kontzentraturik daude aurtengo hautatuak. Izen bereko saria jasoko du Jose Ramon Soroiz aktoreak hilaren 22an, euskal zinema eta telebistan izandako ibilbidea sarituz. Iaz, ikusleak harritu zituen Maspalomas filmeko paperarekin, interpretazio onenaren zilarrezko maskorra eta aktore onenaren Goya saria eskuratuz.

Azken urteetan bezala, hurbiletik begiratzekoak izanen dira Zuzendari Berriak saileko harribitxiak, baita Klasikoak sailak egiten dituen atzerabegirakoak ere. 1988an Ana Diezek zuzendutako Ander Eta Yul filma berriturik aurkeztuko dute, bertzeak bertze.

Ohiko izar erauntsia ekarriko du gainera Zinemaldiak Donostiara, tapiz gorrian ibiliko baitira, batzuk aipatzearren, Marion Cotillard, Orlando Bloom, Penelope Cruz, Brad Pitt edo Rami Malek. Baita noski, Donostia saria jasoko duten Naomi Watts aktorea eta Werner Herzog zuzendaria ere.

"Puzzle bat, puzzle handi bat"

Joxean Fernandez Euskadiko Filmategiko zuzendari eta Zinemaldiko zuzendaritza batzordeko kideak jaialdiaren antolakuntzari buruzko xehetasunak eman dizkigu. Lan handia dakar Zinemaldiarentzat ezinbertzekoak diren alde guztiak uztartu eta asebetetzeak: zinema industriako profesionalak, ikusleak, kazetariak, babesle instituzional eta komertzialak. Lana dakar, halaber, Zinemaldia baina handiagoak diren bertze hiru jaialdiekin lan egiteak ere: Cannes, Venezia eta Berlin. Konkurrentziaren dinamikan ez erortzen ahalegintzen direla azaldu du Fernandezek, eta hala, "etengabe" daudela hiru jaialdietako zuzendariak eta Donostiakoa elkarrekin harremanean.

Haatik, Fernandezek argi du "Cannes dela munduko zinemaldirik garrantzitsuena", zergatik eta hautatutako filmei "asko ematen" dielako; proiekzio handia, publikoari eta industriari begira. Jaialdi frantsesarengandik "ikasi" behar dutela azaldu du hala Joxean Fernandezek, Donostiak ere gehiago eman diezaien hautatutako filma horiei, eta horretarako industria eta publikoa "biak" zaindu behar direla uste du. Horrexegatik da Zinemaldia antolatzea "puzzle bat, puzzle handi bat".

Lan horri helduko dio aurtengo ediziotik landa Maialen Belokik, 2016tik zuzendariorde izan denak Zinemaldiaren zuzendari ardura hartuko baitu. Haren prestutasuna eta gaitasuna azpimarratu ditu Filmotekako zuzendariak, eta Zinemaldia lerden mantentzeko pertsona egokia dela berretsi. Aldaketa "normaltasunez eta lasai" eginen dute, eta 2027a hastearekin batera helduko dio lan berriari Belokik.

Euskal Irratiak, Zinemaldian

Urteroko gisan, Donostiako Zinemaldiaren hurbileko jarraipena eginen dugu Euskal Irratiek. Irailaren 19tik izanen dira sarean eta antenan euskal zuzendariekin elkarrizketak entzungai. Irailaren 21etik 25era, Goiz Berrin erreportai bat izanen da goizero, eta euskal zuzendari eta aktoreekin elkarrizketa sakonagoak entzungai izanen dira Antxeta Irratian eta euskalirratiak.eus webgunean.

Proiekzio andanako sartzeak momentuz agortuak badira, emanaldi eguneko goizean sartze gehigarriak izaten dira sarean. Donostiako Zinemaldiaren webgunean xehetasun guztiak.

Interesgarri izanen zaizu