500 bat lagun baino gehiago bildu dira Itsasun antolatu manifestazioan. Txomin Olhagarai IK-ko herritar zenaren omenezko margolana ezabatzea agindu zuen Simon Fétet prefetak. Eta herriko etxea behartu duela ezabatzeko erabakia hartzera salatu dute.
Murru xuritua herri isildua, borroka da bide bakarra eta herriak bizi behar du! aldarrikapenak oihukatu dituzte 500 pertsona baino gehiagok larunbat arratsaldean Itsasuko karriketan. Manifestazioa herri sartzeko biribilgunetik abiatu da Txomin Olhagarairen aldeko margolana hartzen duen herri erdiko Sanoki gela aitzinean bururatzeko.
Herriko bestetan estreinatu zuten obra eta egun batzuk berantago prefetak honen ezabatzeko deliberoa hartu zuen haren hitzetan "terrorismoaren goraipamena" egiten zuelako. Ondotik aste hasieran Itsasuko herriko etxeak gutun bat igorri zion prefetari bere harriduraren berri emateko zehaztuz behartua sentitzen zuela bere burua margolanaren ezabatzeko.
Aste honetan manifestazioa iragarri zuen Itsasuko Goooxoan elkarteak prentsaurreko bidez prefetaren aginduari ihardukitzeko.

Manifestazioaren bukaeran, Gabi Mouesca IK Iparretarrak erakundeko militante ohiak hitza hartu du Prefetaren jarrera gaitzetsiz (gaineko argazkia). Herriaren memoria xuritu nahi zuela salatu du erdaraz prefetari hitzak bihurtuz. Eta galdetu dio prefetari historia kontatzen duten liburuen erretzea izanen den ondoko etapa, jakinez naziak zirela metodo horiek erabili zituzten azkenak. Hitz gogorrak ukan ditu ere Mouescak Max Brisson senatariaren kontra. Brissonek erran baitu aste honetan ezin dela goretsi Frantziako ordezkari baten emaztearen erailtzeko bonba maneiatu zuen militante bat. Gezurtaria eta errebisionista dela leporatu dio Max Brissoni Gabi Mouescak.
Bukaeran hiru itsasuar gazte ere mintzatu dira eta jendeak deitu dituzte hainbat afixak kolatzera Ipar Euskal Herriko murruetan margolana ezabatuko den egunean.