Alerta horian da Ipar Euskal Herria beroteagatik gaurdanik, eta iganderako 40 gradu inguruko tenperatura iragartzen du Météo Francek. Herriko etxe eta antolatzaile anitzek asteburuko ekitaldiak aldatu, gibelatu edo bertan behera utzi dituzte.
Baionan, ez da musikaren bestari loturiko ekitaldirik eginen kanpoaldean 13:00etatik 19:00tara. Atzo hartu zuen erabakia Herriko Etxeak, eta gaur arratsaldean jakinaraziko dute egitarau egokitua. 40 gradu inguruko tenperatura gorenak iragarri ditu Frantziako meteorologia agentziak ekainaren 21erako, eta hartaz, kanpoaldean eginen diren jarduerak ahalik eta gehien mugatzea da aholkua, agindu ere bilakatu litekeena.
Kirol jardueren antolatzaileek ere gisa bereko erabakiak hartu behar izan dituzte, eta Euskal Irratiek jakin dugunez, gutienez bi ekitaldi bertan behera gelditu dira Ipar Euskal Herrian. Saran egitekoa zen Sara Oinez ibilaldia data berririk eman gabe ezeztatu dute, eta Urketako Ardanabiako lasterketa irailean edo urrian eginen da, data berria erabakitzen ari direlarik.
GEUZek berote protokoloak prest dituzte
Gaurtik landa, biztanle zaurgarriak zaintzeko baliabide bereziak martxan dira herriko etxe askotan, hala da Donibane Lohizunen edota Angelun adibidez. Herrietako GEUZ edo CCASek laguntza ekartzen dute berote garaietan. Alertaren garrantziaren arabera, neurri ezberdinak hartzen dituzte, alerta horia delarik pertsona zaurgarrienak deitzen dituzte prebentzioaren egiteko erranez ur asko edateko edota leku fresko batean egoteko adibidez, alerta liranja edo gorria bilakatzen delarik aldiz, bisitak antolatzen dituzte eta aterpeak sortzen dituzte kasu larrienetan. Régine Daguerre Angeluko axuanta eta GEUZeko lehendakariordeak alerta maila gorenetako ekinbideak azaldu ditu:
Herriko Etxeen erregistroetan izena ematea deituak dira pertsona zaurgarriak, beren ingurukoek edo artatzaileek ere deitzen ahal dute izena emateko. Hainbat herrietako webguneetan telefono zenbakiak atzemanen dituzue. Frantziako estatuak ere telefono zenbaki bat plantan eman du kontseiluen eskatzeko. Telefono zenbakia santé.gouv.fr webgunean atzemanen duzue.