100 kilometro orduko haize ufadak neurtu dituzte aro ikerleek Sokoan. SNCFk hiru tren lineak eten ditu 15:00ak arte. Baionan, auto gidari bat arin zauritu da zuhaitz bat auto gainera erortzean. 40.000 etxe elektrizitaterik gabe dira departamenduan.
Gogor jo du barda Nils ekaitzak Ipar Euskal Herria. Tenpestaren gailurra 4:00ak aldera izan da, eta atzo arratsean alerta laranja eman zuen Pirinio Atlantikoetako prefekturak, gaur goizean maila horira apaldu duelarik.
Oraindik ere, goizean zehar 95 kilometro ordura arte joan daitezkeen ufadak iragartzen ditu Météo Francek kostaldean, 70 kilometro ordukoak barnekaldean.
Atzo arratsean Hendaia-Akize, Hendaia-Bordale eta Baiona-Donibane Garazi burdinbide lineetan trafikoa bertan behera utzi zuen SNCFk segurtasunez. Lehen bi lineetan gutienez gaurko 15:00ak arte ez da trafikoa itzuliko, Baiona-Donibane Garazi linean bihar goizera arte bederen ez da trenik ibiliko.
Gauean eta goizean zehar suhiltzaileek eta departamenduko bideen zerbitzuek gutienez 350 interbentzio egin dituzte. Hala, artikulu hau idazteko tenorerako bide gehienak garbituak dira, baina oraindik ere kasu egiteko oharra zabaldu dute errepidean.
Goizean zehar, Ipar Euskal Herri osoan traba ugari ziren errepidean. Bertzeak bertze, puntu hauetan:
Maule eta Ospitalepea arteko bidean
D2 bidean Mitikile eta Nabarrenkoxe artean
Amenduzen, Hiriberrin
D14 bidean, Garrüze eta Donoztiri artean
D8 bidean, Bithiriñatik Iholdira artean
D22an, Heleta eta Irisarri artean
Heleta eta Luhuso arteko bidean
D18an, Donazaharretik Iratiko bidean
Kanbon, Ursuiako bidean, D410ean
Senpere eta Zuraide arteko bidean
Senperen, Ahetzeko bidean