Azken orenetako haizete indartsuek dozenaka txori zauritu eta hil dituzte Lapurdiko kostan, Hegalaldia elkarteak jakinarazi duenez. Bereziki lanperna-musu atlantikoa da kaltetua.
Asteazkenetik ortzegunerako gaueko haize ufadek hainbat herritarri loa kendu bazieten, egoera askoz okerragoa bizi dute itsas txoriek. Ipar Euskal Herriko faunaren babesean ari den Hegalaldia elkarteak alarma deia egin du: lanperna-musu atlantiko zaurituei laguntzeko eskaera egin dute.
Azaldu dutenez, Lapurdiko kostan dozenaka dira zaurituak, eta “egokituriko esku-hartzerik ezean azkar hiltzeko arriskuan” dira, “ikaragarri ahulduak” baitira. Hala, hondartza edo itsas bazterrean txori bat ikusiz gero, elkartera deitu eta argazkiak igortzeko eskaera egin dute, 06 76 83 13 31 zenbakia eman dute horretarako.
Txori zauritu bat atzemanez gero, oihal batekin hartu eta kartoizko kutxa txiki batean sartzea da onena, Hegalaldiak azaldu duenez. Ondotik, berogailu batetik hurbil atxiki, eta ahalik eta azkarren Hegalaldia elkartearen Uztaritzeko egoitzara edo haien kide diren albaitari etxeetara eramateko eskatu dute. Sarean ikus daiteke klinika partaideen zerrenda.
Elkarteak azaldu duenez, baliteke egoera hainbat egunez luzatzea. Haizetea lasaitu bada ere, zaurituriko txoriak beranduago ere agertu daitezke, ahuldadea sufritzen baitute haizeak kaltetutako itsas txoriek.