Ondoko 10 urteetan, Amikuzeko biztanle kopurua 650ez emendatu nahi dute. Lurraldeko 28 herritan laborantzako lurrak babesteko asmotan eta ZAN legea errespetatzeko, eraikitzeko arau berriak plantan ezarri nahi dituzte.
Amikuzen ere, hirigintza plan berria lantzen ari dira hautetsiak. Herritarrek aurkezpen batzuk ukan dituzte duela gutti, eta azken urteetako lanak ikusi ahal izan dituzte. Badira lau urte 28 herriren arteko plan bat ikertu ari direla hautetsiak lurraldeko laborantzako lurren babesteko asmotan. Usaiak aldatu beharko direla argi utzi du Chantale Ergi Aiziritzeko auzapezak, haien helburua azken 10 urteetan baliatu dugun lur kopurua erdiz ttipitzea delako.
Ondoko 10 urteetan, Amikuzeko biztanle kopurua 650z emendatu nahi dute hautetsiek, erdia Donapaleu eta bere auzo herrietan, eta beste erdia beste herrietan, garapena orekatua izan dadin. ZAN legea errespetatzeko beraz, eraikitzeko arau berriak izanen dira. Besteak beste, herri zentroetan eraiki beharko da, eta dentsitatea emendatu.
Orain arte eraikigarriak ziren lur frango kenduko dituzte zerrendetatik, baserrian batez ere. Dentsitateari dagokionez, Donapaleun 30 etxe hektareaka batu beharko lirateke, 20 etxe auzo herrietan, eta 10 beste herrietan. Etxe geroz eta tinkatuagoak, zailtasunak sortzen dituztenak herritar eta hautetsi zonbaiten ikuspundutik. Hori dela eta, hirigintza plan berria ez da oraindik aplikazten. Nahiko lukete martxorako plantan ezarri baina lehenik lurraldeko herri guziek beharko dute alde bozkatu.