Donapaleu (Baxe Nafarroa)

Ossau-Iraty sormarkaren biltzar nagusian eztabaidak izan dira esnearen prezioaren karira

Sormarkaren ahultzea leporatu dio ELB sindikatuak, bozak irabazi zituen FDSEA-Denentzat zerrendari. Lactalis esnetegiarekin adostu den esne prezioaren ondorioz, sormarkatik kanpo den esnea gehiago saritzen dela, sormarkakoa baino salatu du ELBk.

Ossau-Iraty sormarkaren biltzar nagusian eztabaidak izan dira esnearen prezioaren karira
ELB sindikatuko ordezkariek Donapaulen egin den biltzar nagusian atera duten banderola.
Jose Luis Aizpuru
2025/10/24 10:05

Ossau-Iraty Euskal Herriko eta Biarnoko esne sormarkan urak nahasiak dira, urriaren 23an Donapaleun egin den biltzar nagusian izan diren eztabaidak ikusirik. Jatorri deitura kontrolatua AOC duen sormarka ahultzea leporatu dio ELB sindikatuak, FDSEA-Denentzat gehiengoa duen zerrendari. Oroit urriaren hiruan egin ziren bozetan, Denentzat zerrendak zuela gehiengoa erdietsi, iaz gertatu gisan.


Biltzar nagusian AOCaren postuen banaketa deliberatu behar bazen ere, ELBko ordezkariek banderola bat zabaldu dute, sasoi berrirako negoziatu den esne prezioaren salatzeko Lactalis esnetegiarekin. Hots, 20 euro 1.000 litroko emendioa, sormarkatik kanpoko esnearentzat, aldiz, 15 euroko emendioa soilik, AOParen arautegien barnean den esnearentzat.


Lactaliseko ordezkariek biltzar nagusia utzi dute, erranez, azken bost urteetan %30 igo dela sormarkako esnearen prezioa. ELBko ordezkariaren arabera, nehoiz ez da gertatu AOPtik kanpoko esnearen prezioak igoera azkarragoa ukaitea, sormarkakoa baino.

ELBko Maritxu Lopepe.

Denentzat FDSEA-ko burua Jerome Ganzagain.


Sormarkaren araudien arintzea galdegiten du FDSEA-Denentzat zerrendak, eta mezu horrekin irabazi ditu azken bi urteetako bozak. Alta, AOCaren arautegia kontrolatzen duen INAO erakundeak ez du onartu neholako arintzerik araudietan, baina, aitortu du elkarrekin lan egin beharko luketela bi sentsibilitate duten taldeek.

Interesgarri izanen zaizu