Palestinarrek pairatzen dutena eta Mendebaldearen konplizitatea aipatuko dituzte Makean

Hirugarren urtea du Iparraldea Palestinarekin taldeak palestinarren sustenguz egun bat antolatzen duela Makean. Larunbat honetan iraganen da. Hitzaldiak, merkatu bat, haurren xokoa, kontzertuak eta antzerki bat ere izanen dira aurten.

Palestinarrek pairatzen dutena eta Mendebaldearen konplizitatea aipatuko dituzte Makean
Ruh Duo taldea kontzertu baten karietara. IRULEGIKO IRRATIA
Iñaki Etxeleku
2026/11/11 18:11

« Ibaitik itsasora, Palestina libre ! » leloarekin hirugarren urtea du Iparralde Palestinarekin elkartasun taldeak Makean. Larunbat honetan iraganen da eguna eta parada izanen da Palestinako berri hartzeko : Gazako suntsiketa, anexioa eta hango biztanleen hil ala biziko egoera zertan den aipatuko dute hitzaldietan, baita Zisjordaniako kolonizazioaren hedapena, Hego Libanokoa eta Siriako parte batena Israelgo armadarengandik. Arteak eta kulturak erresistentzia duten garrantzia ere aztertuko dute besteak beste. Mendebaldeko puxantziek Israelgo estatuaren proiektuan duten rola ere salatu nahi dute antolatzaileek.


Artea, kultura eta erresistentzia

Gomita bereziak badituzte aurten ere Makeako egunerako. Eyal Sivan sortzez Jerusalmego israeldarra eta, gaur egun Parisen bizi den filmegile eta idazlea hor izanen da. Israel handiaren asmoa eta Mendabaldean hedatua den islamofobia aipatuko ditu, Kawtar Najib Liverpoolgo antropolgoarekin eta Frantzian bizi den Salah Hamouri abokatu palestinarrarekin.

Sivan arteak duen munta berezi ere aipatuko du bigarren mahai-inguru batean: Kultura erresistentziarako arma bezala jorratuko du arratsean kontzertuan ariko den Ruh Duo musika taldearekin.


Egitaraua

MAKEAn

10:00 - Palestinaren aldeko eragileen merkatua

10:30 - HITZALDIAK:

  • Israel Handiaren proiektua, Mendebaldearen islamofobia eta erresistentziak. Hizlariak: Eyal Sivan, Kawtar Najib eta Salah Hamouri.

15:30 - 17:00

  • Israelgo presondegietako egoera. Hizlariak Assia Zaino eta Haedeel Shatara (Palestinatik bideo-konferentziaz)

  • Artea eta kultura, erresistentziarako arma gisa. Hizlariak: Eyal Sivan eta Ruh Duo musika taldea.

17:30 - 19:00

  • Mendebaldearen konplizitatea eta boikotaren beharra. CAF-en adibidea. Hizlariak: Santi Gonzalez Vallejo eta BDZko CAF saileko aktibista bat.

Eguerditan bazkaria (13€): Kuia curry salda, hummusa, tabulea, pastiza orientalak. Arratsean ere izanen da jatekoa. Eta ostatuan egun osoan

haurren xokoa ere antolatu dute 10:00etarik 19:00etara.

19:30 - KONTZERTUAK:

  • Punttu kakotx

  • Barrrk

  • Herri Gerriya

  • Ruh Duo

  • Siwanaba Dj

LUHUSON

20:00 And Here I Am antzezlana

Idazlea: Hassan Abdulrazzak

Antzezlea: Ahmed Tobasi

Zuzendaria: Zoe Lafferty

Sartzeak: labur.eus/AndHereIAm

Interesgarri izanen zaizu