Pantxoa eta Peio 2027ko urtarrilaren 10ean iganen dira azken aldikoz oholtzara

Pantxoa Carrere eta Peio Ospitalek beren ibilbide musikalari behin betiko agurra emanen diote 2027ko urtarrilaren 10ean, Barakaldoko BEC aretoan eskainiko duten azken kontzertuarekin.

Pantxoa eta Peio 2027ko urtarrilaren 10ean iganen dira azken aldikoz oholtzara
Pantxoa eta Peio kantari Irulegiko Irratiak antolatutako Erramun Martikorena Kantatuz kontzertuan. EKE
Mattin Lerissa
2025/12/16 11:58

Nahiz eta bikoteak 2011n utzi zion elkarrekin kontzertuak emateari, urteotan hainbat salbuespen egin dituzte, eta azken emanaldi horrekin «behar bezalako bukaera» eman nahi diote hamarkadetako ibilbideari.

Kontzertuaren aurkezpena abenduaren 16 honetan egin dute, Bilboko Kafe Antzokian. Bi artistek jakinarazi dutenez, sartzeak etzi, abenduaren 18an, jarriko dituzte salgai, 10:00etatik aitzina.

Kontzertuaren berri emateko, euskal kulturgintzako belaunaldi ezberdinetako hainbat lagunek parte hartu duten bideo bat hedatu dute. Honetan ageri dira, besteak beste, Olaia Inziarte, Martxelo Otamendi, Aiora Zulaika, Joxe Mari Agirretxe, Mertxe Rodriguez eta Jon Maia.


Pantxoa eta Peioren arabera, Barakaldoko hitzordua «besta handia» izanen da, eta beren ibilbidearen balioak eta engaiamenduak gogora ekarriko dituzte. Azpimarratu dutenez, betidanik egon dira sindikatuen, laborarien eta herri mugimenduen ondoan, eta haien ibilbidea euskal kontzientziarekin estuki lotua izan da. Hainbat laguni ere keinu eginen diete, hala nola Manex Pagolari eta Telesforo Monzoni. Egun horrek, halaber, «herriak bikoteari dion atxikimendua» agerian uzteko balioko du.

Elkargune bereziak, azken dantza gabe

Azken kontzertua duela 14 urte eman bazuten ere, azken urteetan hainbat ekitalditan elkartu dira berriz. Aurten, Herri Urratseko kantuan parte hartu dute, Dupla eta Pisoren ondoan, eta Herri Urratsen berean Senperen oholtzara igan ziren, Elgarrekin kantatzera. Irulegiko Irratiak joan den ekainaren lehenean antolatutako Erramun Martikorena Kantatuz kontzertu berezian ere parte hartu zuten.

Horrez gain, 2027ko urtarrila gabe beste parada bat izanen da Pantxoa eta Peio elkarrekin ikusteko. Kanboko Errobi Ikastolak Zazpiak Bat kantaldia antolatu du 2026ko martxoaren 7an, ikastolaren 50. urtemugaren karietara. Orduan bikote lapurtarrarekin batera, beste hainbat artista ariko dira, besteak beste Gontzal Mendibil, Gorka Knörr, Xiberotarrak eta Estitxu Pinatxo.

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu