Pedro tenpesta: Ipar Euskal Herria alerta laranjan, trenik ez eta kostaldeko parkeak itxiak

Haize bolada azkarrak eta marea bizia dira goiz honetan. Itsas bazterreko bide asko hetsiak dira ondorioz, eta Errobi eta Aturriko urek gaindi egiteko arriskua dute.

Pedro tenpesta: Ipar Euskal Herria alerta laranjan, trenik ez eta kostaldeko parkeak itxiak
Trenik ez da ibiliko Ipar Euskal Herrian gaur egun osoan zehar. Remontees/WIKIMEDIA
Aimar Lopez Erasun
2026/02/19 08:06

Pirinio Atlantikoetako departamendu osoa alerta laranjan da gaur, kostaldean haizea eta olatu azkarren arriskuagatik, eta lurralde osoan uholde arriskuagatik. Ondorio nabarmenak dira joan-etorrietan eta ohituretan.

Akizetik hegoaldera trenik ez dabil gaur, eta gutienez bihar goizera arte luzatuko da egoera. Hortaz, Hendaiatik Baionara, Baionatik Donibane Garazira eta Baionatik Tolosa, Bordale eta Parisera trenik ez da, eta ordezkapen autobusik ez du emanen SNCFek.

Kostaldean bertzalde, bide andana hetsiak dira haizeak eragin ditzakeen erorketengatik baita olatu azkarren arriskuagatik ere, hala nola Hendaia eta Sokoa arteko Erlaitzeko bidea. Baldintzak hobetu arte itxia egonen da, erakundeek orain dela zonbait hilabete halako kasuetarako erabaki gisan.

Miarritzen, Hendaian, Baionan eta Angelun parkeak, baratzeak eta oihanak hetsi dituzte, baita kostako herri guztietan hondartzak ere. Aturri eta Errobi gainezkatzeko arriskua bada ere.

Itsasoko arriskuengatik alerta maila horira jaitsi behar luke Météo Francek gaur goizean, 9:00tan, eta alerta horian litzake beraz Ipar Euskal Herria olatu azkar, haizete eta uholde arriskuagatik, gutienez bihar goizera arte.

Interesgarri izanen zaizu