Abertzaleentzat ez ditu esperotako emaitzak ekarri bigarren itzuliak: Urruñan herriko etxea galdu dute, eta Baionan batasunak ez du emaitzarik eman. Elkargoko hautagaitzak dantzan hasiko dira orain.
Zentro-eskuina izan da bigarren itzuliko garaile handia Lapurdiko hamar herrietan. Kanbon Peio Etxeleku, Miarritzen Serge Blanco, Baionan Jean-René Etxegarai, Urruñan Sébastien Etxebarne, Donibane Lohizunen Jean François Irigoien, Azkainen Bénédicte Luberriaga, Beskoitzen Pascal Jocou edo Arbonan Guillaume Fourquet izanen dira auzapez.
Hendaian Kotte Ezenarrok jarraituko du auzapez; sozialista bera, baina eskuineko oposizioarekin baturik. Ezkerrak, hala, bi herri bertzerik ez ditu bereganatu: Maulen Louis Labadot komunista izanen da auzapeza, eta Bokalen, lehen aldiz ezkertiar eta abertzalez osaturiko zerrenda bat izanen da agintean, Mathieu Horn buru.
Baionan, Etxegarai bertze agintaldi batentzat abiatzen da
Bigarren itzuli estua aurreikusia zen, baina azkenean ia hamar puntuko aldearekin irabazi du Jean-René Etxegaraik, gaur egungo Baionako auzapezak. Bozen %51 eskuratu du. Ezkerraren batasunak, Jean Claude Iriart abertzalea buru, ez du zentro-eskuineko auzapeza gainditzeko balio izan. Eskuin muturrak herriko kontseiluan sartzea lortu du, bozen %8rekin. Xehetasunak eta ihardespenak jarraian:
Hauek dira Baionako emaitzak:
Jean-René Etxegarai: %50,7
Jean Claude Iriart: %41,01
Pascal Lesellier: %8,29
Miarritzen, Serge Blanco zelaitik herriko etxera
Parioa irabazi du Serge Blanco errugbilari eta enpresari ohiak, garaile izan baita Blanco bozen %41,92 lortuz, eta Maider Arosteguy ez da gehiago auzapeza izanen, bigarren iritsi baita %32,21eko emaitzarekin. Hirugarren arribatu da Ana Ezcurraren Biarritz Berri zerrenda bozen %25,87 eskuratuz. Xehetasunak eta ihardespenak jarraian:
Hauek dira Miarritzeko emaitzak:
Serge Blanco: %42
Maider Arosteguy: %32
Ana Ezcurra: %26
Kanbon, Peio Etxelekurekin EAJ agintean izanen da
Pario erreusitua Peio Etxelekurentzat ere, barda bigarren boza irabaziz Christian Dévèze auzapez postutik kentzea lortu baitu. Bozen %46,54 bildu ditu eta auzapez berria izan beharko luke. Bigarren tokian da Christian Devèze %33,74rekin, bost toki ukanen ditu bere listak kontseiluan. Eta azkenik arribatu da Argitxu Hiriart Urruty bozen %19,70ekin, bi toki ukanen dituzte kontseiluan. Peio Etxeleku Goiz Berriko gomita genuen:
Hauek dira Kanboko emaitzak:
Peio Etxeleku: %46,54
Christian Dévèze: %33,74
Argitxu Hiriart-Urruty: %19,7
Maulen, Labadotk bertze agintaldi bat segurtatzea lortu du
Bozen %47rekin, aise aitzinean agertu da Louis Labadot komunista, nahiz eta Beñat Elkegarairen zerrendak bozen %35 lortu. Jauzi bat egin du bi itzulien artean Elkegaraik, eta ondorioz Armanda Accoce gibelean gelditu da bozen %18rekin. Sei -edo zazpi- urterentzat auzapez izanen da beraz Louis Labadot, lau kontseilari ukanen ditu Beñat Elkegaraik eta bi Armanda Accocek. Xehetasunak eta ihardespenak jarraian:
Hauek dira Mauleko emaitzak:
Louis Labadot: %47,3
Beñat Elkegarai: %34,82
Armanda Accoce: %17,88
Urruñan, abertzaleen porrota, Etxebarne auzapez
Orain sei urte abertzaleen lorpen garrantzitsuenetakoa izan zena galdu zuten atzo, zentro-eskuineko hautagai independente Sébastien Etxebarne izanen baita Urruñako auzapez berria. Sorpresa ezkutatu gabe, herritarrak entzuteko prest agertu zen Etxebarne:
Oposizio lana egiteko prest agertu da orain arteko auzapez Filipe Aramendi:
Hauek dira Urruñako emaitzak:
Sébastien Etchebarne: %48,44
Filipe Aramendi: %37,64
Martine Mignot: %13,92
Bokalen, ezkertiar eta abertzaleak izanen dira agintean
Bigarren itzulian hautagai gehien zituen herria zen Bokale, eta aldaketa izanen da. Lehen aldiz, abertzaleak barne dituen zerrenda bat izanen da agintean, Mathieu Horn izanen delarik auzapez. Harrotasunez mintzatu zen Euskal Hedabideen hauteskunde gaualdian:
Hauek dira Bokaleko emaitzak:
M. Horn: %37,38
G. Boulanger: %29,85
F. Gonzalez: %17,84
H. Etchenique: %14,92
Bigarren itzuliko emaitza guztiak jarraian ikusgai dira: