Donapaleu (Baxe Nafarroa)

Pettan Ayçaguerek gehiengoaren lista eramanen du herriko bozetara Donapaleun

Hauteskundeak 2026ko martxoan iraganen dira, eta Donapaleun ere, kanpaina hastekotan da. Gaur egungo auzapeza den Charles Massondok argiki erran zuen ez zuela bere karguan segitzeko, baina halere gehiengotik lista bat muntatzen ari da.

Pettan Ayçaguerek gehiengoaren lista eramanen du herriko bozetara Donapaleun
Pettan Ayçaguerek 45 urte ditu gaur egun. Erakasle da Sohütako lizeoan. IRULEGIKO IRRATIA
Antton Castoreo
2025/11/19 16:00

Pasa den ekainean, barne bilkura batean Charles Massondo Donapaleuko auzapezak jakinarazi zuen ez zuela berriz aurkezteko xederik auzapez postuan. Orduan, gehiengoan den bere listako hautetsi batzuk segidari buruz lanean hasi ziren. Gaur egun, bidea argi dute: 2026ko herriko bozetan aurkeztuko dute lista bat, Pettan Ayçaguer lista-buru.


Nolako lista Pettan Ayçagueren gibeletik?


Gaur egun gehiengoan den listatik, bederatzi hautetsik berriz aurkezteko nahia erakutsi dute. Horien artean dira adibidez Pettan Ayçaguer eta Marie-Jeanne Curutchet lehen axuanta. Lista ez dute oraindik osoki osatua baina faltan diren 10 izenendako, Pettan Ayçaguerek baieztatu du gure mikroan herriko elkarteetan inplikatuak direnengana izan zirela.


Charles Massondo bera listaren barne izanen da halere. Hautetsi arrunta gisa laguntzeko prest agertu da, baina ez du auzapez kargua atxiki nahi, arrazoi pertsonal batzuengatik.

Lista-buru berriari dagokionez, jakin behar da Pettan Ayçaguerek gaur egun 45 urte dituela, eta Sohütako lizeoan natur zientzia erakasle dela. Azken hauteskundeen ondotik zen lehen aldikoz herriko kontseiluan sartu. Sei urtez axuant egon da, eskolen, gazteriaren eta kirolaren ardurarekin.


Ondoko herriko bozak 2026ko martxoaren 15 eta 22an iraganen dira.

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu