Piarres Larzabal Kolegioko ikasleek Meyer familiaren inguruko dokumentala sortu dute, Shoah-a tokiko ikuspegitik lantzeko. Eta ikasleek osoki egindako proiektua Erresistentzia eta Deportazioaren Lehiaketa Nazionalean aurkeztu dute.
Piarres Larzabal Kolegioko hirugarreneko 16 ikaslek sei minutuko dokumental bat ekoiztu dute, Meyer familiaren historia oinarri hartuta. Donibane Lohizuneko judu familia hori Luis XIV. plazako Old England denda famatuaren jabe izan zen bere garaian, eta Shoah-aren biktima izan zen.
Ikasleen lana Concours National de la Résistance et de la Déportation lehiaketaren baitan kokatzen da, Frantzia mailan urtero antolatzen den ekimenaren barruan. Aurtengo gaiak II. Mundu Gerraren amaiera eta ondorioak jorratzen ditu: bizirautea, lekukotasuna ematea eta epaitzea 1944 eta 1948 urteen artean.
Proiektuaren berezitasun nagusietako bat da ikasleek beraiek osoki egin dutela lana: ikerketak burutu dituzte, lekukotasunak bildu, eta azken muntaketa ere eurek egin dute. Horrela, historia ikasteaz gain, memoria lantzeko prozesu aktibo batean parte hartu dute. Lan hori Pierre Sallaberry historiako irakaslearen eta Peio Etcheverry-Ainchart irakasle dokumentalistaren gidaritzapean garatu dute. Irakasleek azpimarratu dutenez, tokiko historiatik abiatzeak aukera ematen du iraganeko gertakari handiak hurbiletik ulertzeko, eta aldi berean, hemen bertan gertatutako errealitate gogorrak agerian uzteko.
Ikasleentzat ere esperientzia esanguratsua izan da. Proiektuan parte hartu duen Julenek nabarmendu du historiaren transmisioa funtsezkoa dela. Are gehiago, bertako historia, Meyer familiarena ez baita ezaguna. Dokumentalaren emaitza lehiaketaren barruan ekainean ezagutaraziko da. Bitartean, ikasleen helburua lana ahalik eta gehien zabaltzea da, publiko zabalak Meyer familiaren historia eta, oro har, Shoah-ak utzitako arrastoa.