Plaza berritua estrenatu du Suhuskuneko herriak

Herritarrak saldoan hurbildu ziren, ebiakoitzean, berrituak izan diren plaza inguruen estrenatzeko. Hautetsiek obren itzulia egin ondoan hitzartzeak egin zituzten, Nathalie Susperregi auzapeza zutela gidari. Rene Etxemendi auzapez ohia omendu zuten.

Plaza berritua estrenatu du Suhuskuneko herriak
Ezkerretik eskuinera: Alain Iriart (Elkargokoa), JJ Lasserre (Departamendua), bizkarrez M. Duhamen (suprefeta), Nathalie Susperregi (auzapeza), R. Etxemendi (axuanta)
Iñaki Etxeleku
2026/10/19 14:05

Suhuskuneko plaza berritua estreinatu zuten joan den ebiakoitz eguerditan. Plaza eta Herriko Etxe aitzinaldeko errepidea moldatua izan da, autoak jabalago ibil daitezen haur, gazte eta ez hain gazteak lanjer gutiagorekin egon daitezen plaza inguruetan. Aparkaleku landareztatuak ere antolatu dituzte autoen uzteko, elizarako iragan bidea ere moldatu eta apaindu dute, tokiko landare eta zuhaitz motaz hesi bat landatuz. Besta eta gertakari mota orotako herriko gelaren gibeleko aldean, haurren joko eremu bat, eta petanka jokorako legargi bat ere egin dute.

Plaza inguru berritu horren markatzeko bezala, herritar frango hurbildu ziren estreinaldira. Ibes eta Amaia herritarrek beren ikusmoldea partekatu zuten:


Nathalie Susperregi auzapezak itzuliaren bisita eginarazi zien hautetsi eta erakunde ordezkariei, lehenik. Lurraldeko parlamentariak, departamendu kontseilu burua, eskualde kontseilaria, suprefeta eta Iholdi-Oztibarreko kasik auzapez guziak jinak ziren, bisitaren ondotik hitzartzeen eta oturuntzaren segitzeko.

272.000 euro

Nathalie Susperregik bere hitzartzean zehaztu zuen, hain zuzen, plaza antolatze berri hori zenbat gosta zaion bakoitzari. % 45 beste erakundetarik jin diru publikoarekin diruztatu ahal izan du herriak. Denetarat, aitzinkondu osoa 272.000 eurokoa izan da. Estatuak, Baserrialdeetako funtsaren eta funts berdearen bidez, 64.000€ diru publiko ekarri ditu; Euskal Hirigune Elkargoak, herrietarako funtsarekin: 20.000€; Departamenduak: 40.000€ hitzemanak dizkio Suhuskuneri; eta azkenik, Herriko Etxeak berak bankuko mailegu baten bidez diruztatuko du bere partea: nonbaitan 50.000€.

Alain Iriart Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariak barnealdeko herrien laguntzearen premia azpimarratu zuen:


Rene Etxemendi omendua

Plaza berrituaren estreinaldia parada izan zaio herriari 18 urtez auzapez egon den Rene Etxemendi eskertzeko eta omentzeko. Auzapez berriak, prefetari galdea luzatu dio ohorezko ezagupena onar diezaion Etxemendiri. Ohorezko makila eskaini dio, bestalde. Rene Etxemendik segitzen du axuant Susperregiren taldean eta haren ikusmoldea eman zuen omenaldiaren ondotik:

Nathalie Susperregik esplikatu zuen azkenik, zergatik nahi izan dute omendu:

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu