Baiona (Lapurdi)

Prebentzioak, zaintzak eta segurtasunak bere lekua izanen du jantzi xuri eta zapi gorrien artean

Eraso sexisten aurka eta biktimak artatzeko Maina dispositiboa indarrean da aurten ere, eta Itaia erakunde sozialistak bere protokolo propioa martxan emanen du. 839 polizia agente edo segurtasun pribatuko langile ariko dira igandera arte.

Prebentzioak, zaintzak eta segurtasunak bere lekua izanen du jantzi xuri eta zapi gorrien artean
Azken urteetan eta bereziki 2023ko ediziotik, prebentzio neurriak azkartu dira Baionako bestetan. Mathieu Prat/BAIONAKO HERRIKO ETXEA
Ihintza Arrieta
2026/07/14 17:00

Asteazken arratsean hasirik, bost egun eta bost gauez xuriz eta gorriz beteko da Baiona. Jende anitz metatuko da, herrialde, eskualde eta giro arrunt ezberdinetakoak. Bestak ahal bezain modu lasaian iragan daitezen hainbat neurri hartu dituzte herriko etxea, peñek edota elkarte eta eragile ezberdinek.

Bortizkeria eta eraso sexisten kontrako protokolo ezberdinek presentzia gero eta zabalagoa dute alde batetik azken urteetan elkarte ezberdinek eraman duten lanari esker besteak beste.

Maina dispositiboa indarrean izanen da Réduit plazan, egunero 15:30etik 21:30ak arte, erasoen kontra. Angela dispositiboari esker ere, babes lekuak identifikatzen ahalko dituzte segurtasuna xerkatzen duten pertsonek. Eta Vigilance fêtes aplikazioaren bidez, ostalari eta peñak harremanetan dira sokorri eta segurtasun zerbitzuekin behar den arreta eskaintzeko.

Gainera, pausatzeko bi leku ere irekiak izanen dira gauean zehar, 22:00etatik 4:00tara, Euskaldunen Plazan eta San Izpirituko Ganbetta plazan. Bertan, pausatzeko, freskatzeko eta edari beroak hartzeko aukera izanen da, baita alkoholemia proba egitekoa ere.

Urtero bezala, sokorri zerbitzu ezberdinek esku hartuko dute, artatu behar diren festazaleak laguntzeko. Aurten 310 pertsona izanen dira eta hiru postu ezberdin : Baionako txikiko unibertsitatean, Albert 1er karrikako eskolan eta Elkarteen etxean. Segurtasun neurri zorrotzak ezarri ditu ere plantan herriko etxeak, 839 polizia edo enpresa pribatuetako zaintzaile ibiliko dira karriketan eta gune ezberdinetan segurtasuna bermatzeko.

Interesgarri izanen zaizu