Iraileko epaiketan ez zituzten frogatu ahal izan bortizkeria akusazioak. Alta, lau eta bi hilabeteko kartzela zigorrak gibelapenarekin eman dizkie, Kanboko Herriko Etxean egin protesta ekintza kolektiboan parte hartzeagatik.
Marieniako aferaren kari, 2024an Kanboko herriko etxean egin protesta ekintza kolektiboan parte hartzeagatik epaitu zituzten hiru militanteak atsalde honetan Baionako auzitegian. Irail honetan prokuradoreak isunak eskatu baldin bazituen, etzuen presondegirik aipatu. Alta, gaur epaimahaik errudun jo ditu, Kanboko auzapezarekiko bortitz izaiteagatik, eta eskatu baino gogorrago zigortu ditu.
Gibelapenezko kartzela zigorrak eman dizkie: lau hilabetekoa militante bati, bi hilabetekoa beste biei. Kartzelaz gain, 300 euroko isuna pagatu beharko du militante bakoitzak, hatz aztarnak ez baitituzte eman. Bestalde, bakoitzak 400 euro eman beharko dizkio Christian Deveze Kanboko auzapezari, abokatu gastuen pagatzeko; eta euro sinboliko bat bakoitzak herriko etxeari. Horrez gain, herritartasun ikastaro bat egin beharko dute.
Militanteek zigorraren pisua salatu dute, batez ere jakinez auzi denboran ez zituztela frogatu ahal izan bortizkeria akusazioak. Momentu honetan hedatzen den errepresio giro eta joera salatu dauzku Filipe Lascaray auzipetuetako batek. Hain zuzen ere, azken hilabeteetan zigor zorrotzak eta neurriz kanpoko kondenak metatzen ari direla adierazi du.