Sarebide proiektuak euskal hedabideen ikus-entzunezko edukiak plataforma digitalean emanen ditu

Bost euskal hedabidek osatzen duten Sarebide desmartxak, ikus-entzunezko ekoizpenak plataforma digital bakar batean partekatuko ditu 2028tik goiti. Musika streaming bidez jasotzeko plataforma abian emanen du ere Berria kazetak abenduaren 5etik goiti.

Sarebide proiektuak euskal hedabideen ikus-entzunezko edukiak plataforma digitalean emanen ditu
Euroeskualdeak Hendaian duen egoitzan egin du Sarebidek bere aurkezpena. EUSKAL IRRATIAK
Jose Luis Aizpuru
2026/11/19 13:17

Sarebide proiektua osatzen duten Euskal Irratiak, Kanaldude, Berria, Euskalerria Irratia eta Hamaika telebistak, desmartxaren nondik norakoak aurkeztu dituzte Euroeskualdeak bulegoa duen Hendaiako egoitzan.

Euskal Herri osoko ikus-entzunezko edukiak barne dituen plataforma digitala sortuko du Sarebidek, bost euskal hedabideen ekoizpenei esker. Euskara hedatzea du azken xedea proiektuak, publiko berri batengana heltzeko helburuarekin.


Euskarazko eduki digitalak hedatzeko sistema teknologiko berriak instalatuko dira bost hedabideetan, eta horrek hobekuntza teknikoak ekarriko ditu. Europako Poctefa funtsari esker, azpiegitura partekatu bat osatuko da, eta bost hedabideen saretzea ere gertatuko da. Horri esker hedadura azkarragoa ukanen dute, eta mugaz gaindiko ekoizpenak ukaiten ahalko dira plataforma digital bakar batean.


Berria kazetak, Sarebideren lehen urrats gisara, streaming bidez musika kontsumitzeko plataforma berri bat martxan eman du abenduaren 5etik goiti. Mikel Arregi da Berria kazetako ordezkaria Sarebiden.



Kanaldude herri telebistaren kasuan, Sarebideri esker, Hego Euskal Herriko publikoarengana fiteago heltzeko aukera eman dio. Bestalde, Bidarten kokatuko den data-center gune teknologikoaz aritu da solasean Mattin Troitino da Kanaldudeko komunikazio arduraduna. Hedabideen zerbitzari eta artxiboak gune honetan kokatuko dira


2028an abiatuko da proiektua eta 2,5 milioi euroko aurrekontua ukanen du, Europako Poctefa funtsak %65ez lagundu duelarik. Akitaniako eskualdea, Euroeskualdea eta Euskararen Erakunde Publikoa proiektu honen laguntzaile dira, besteak beste.

Aimar Lopez Euskal Irratietako digital arloko arduradunaren arabera adimen artifizialak lagunduko du proiektua garatzean, argi izanez, adimen artifizialak ez duela kazetarien lana ordezkatuko.


Entzun Aimar Lopezen hitzartzea playerrean.

Interesgarri izanen zaizu