(Korsika)

Scola Corsa desagertzeko arriskuan da

Kortsikako murgiltze-eskolen sare pribatuko arduradunek haien kezka adierazi dute irakasle-postuen kontratazio orokortuaren eskasiagatik, eta Kortsikako prefetak legezkotasun-kontrol bat egin baitu eta auzitegi administratibora jo baitu.

Scola Corsa desagertzeko arriskuan da
Duela aste bat, bi elkarretaratze antolatu zituzten, Ajaccioko eta Bastiako suprefekturen aitzinean. 1.000 pertsona bertaratu dira bi elkarretaratzeetan. SCOLA CORSA
Esteban Bastié Aguerre
2026/05/05 06:30

Kortsikako murgiltze-eskolen sare pribatua, Scola Corsa, arriskuan dagoela ohartarazi dute arduradunek. 1971n sortu zen lehen esperientzia, eta 2021ean berpiztu dute, tokiko hizkuntzen murgiltze-ereduari jarraituz.

Joseph Turchini, Scola Corsa-ko lehendakariak dionez, bi oztopo nagusik arriskuan jartzen dute proiektua: Batetik, Korsikako prefetak legezkotasun-kontrol bat egin duela eta auzitegi administratibora jo duela; horren ondorioz, Korsikako kolektibitateari debekatu zaio murgiltze-eskolen sarea finantzatzea, bereziki lehen hezkuntzan eskumenik ez duelako.
Bestetik, prefetak auzitan jarri ditu Korsikako Kolektibitatearen dirulaguntzak, eta finantzaketa eteteko arriskua dago. Egoera larriagotzen duena Joseph Turchiniren ustez: "Ez dugu lortu irakasle-postuen kontratazio orokortu bat." Beste sare batzuetan kontratazio-tasa %80tik %100era bitartekoa da —Seaskan adibidez—, baina haien kasuan ez. "Horrek egoera are gehiago zailtzen du, Estatuaren laguntza askoz txikiagoa baita behar litzatekeena baino. Bi faktore horiek batera, gure existentzia bera kolokan jartzen duen egoera baten aurrean gaude." adierazi du gure mikroan.

Egoera horren aurrean, sareko arduradunek diote baldintza horietan epe laburrean jarduera gelditzeko arriskuan direla. Horregatik, dei egin diete arduradun politikoei eta gizarteari, korsikeraren aldeko neurri azkarrak har ditzaten, petizio baten abiatzeari lotuta. Bestalde, ostegun honetan bilera bat izango dute Estatuko ordezkariekin. Hezkuntza Ministerioarekin hitzarmen bat lortzea espero dute, irakasleen postuak bermatzeko, Seaska-ren kasuan bezala.

Interesgarri izanen zaizu