Seaskak ikasleentzako etxebizitza proiektua inauguratu du Baionan

Baionako San Andres plazako Hôtel des Basques zenean ikasle eta sasoilarientzako 16 etxebizitza dituen proiektu berria inauguratu du Seaskak, eraikin historiko bat berrituz eta prezio eskuragarriak eskainiz.

Seaskak ikasleentzako etxebizitza proiektua inauguratu du Baionan
Béatrice Molle-Haranek inauguratu du proiektua, Ximun Haran euskalzale eta pilotari zenaren emazteak eta Claire Haran jabea zenaren koinatak. EUSKAL IRRATIAK
Esteban Bastié Aguerre
2025/12/17 07:00

Seaskak ikasleentzako etxebizitza proiektu berria inauguratu du atzo Baiona Txikian kokatua den eraikin historiko batean, lehen “Hôtel des Basques” zenean. 1,5 milioi euroko inbertsioa eskatu duen egitasmo honek ikasleentzako eta sasoilarientzako etxebizitza eskaintza handitzea du helburu, baldintza ekonomiko eskuragarrietan.
Proiektuaren kostu osoaren zati handi bat, 900.000 euro, diru publikoarekin diruztatu da; gainerakoa, berriz, Seaskak berak finantzatu du. Eraikina Claire Haranek eman zion Seaskari 2010ean, 2013an zendu aurretik. Claire Haran Ximun Haran pilotari eta euskalzale ezagunaren arreba zen. Ordutik, eraikina 15 urtez berritu gabe egon da, gaur arte.

16 etxebizitza osoki ekipatuak

Guztira, 16 etxebizitza sortu dira: 15 estudio, 14 eta 25 metro karratu artekoak, eta 47 metro karratuko T2 apartamentu bat. Estudioen alokairuak 215 eta 393 euro artekoak dira, eta T2 apartamentuarena 594 eurokoa. Horiez gain, hilean 125 euroko gastu finkoak ordaintzen dira, argindarra, ura, internet eta eraikinaren funtzionamendu gastuak barne. Ikasturtean zehar, etxebizitzak ikasleei alokatzen zaizkie; udan, berriz, sasoilariei. Formula horri esker, eraikina urte osoan erabilia izanen da, eta behar desberdinei erantzunen die.

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu