Ziburu (Lapurdi)

Seaskako irakasle eta burasoek errektoretzako ordezkaritzari inspekzioa egitea ukatu diote

Seaskako irakasle eta burasoek errektoretzako ordezkaritzari gaur goizean Piarres Larzabal Kolegioan inspekzioa egitea ukatu diote, azterketak euskaraz egiteko gaia eta postu eskasia direla medio.

Seaskako irakasle eta burasoek errektoretzako ordezkaritzari inspekzioa egitea ukatu diote
Seaskako irakasle eta burasoek kontraesan bat salatu nahi izan dute, bi arrazoi nagusi azpimarratuz: Alde batetik, “Azterketak Euskaraz” gaia eta bestetik, postu eskasia. EUSKAL IRRATIAK
Esteban Bastié Aguerre
2026/05/18 10:49

Seaskako hogeita hamar bat irakasle eta buraso bildu dira gaur goizean, zortzietan, Ziburuko Piarres Larzabal Kolegioan. Bederatzietan errektoretzako bi ordezkari etortzekoak ziren, kolegioaren inspekzioa egiteko. Hezkuntza Nazionalak inspekzioak azkartu ditu hezkuntza pribatuan, Betharram aferaren ondotik. Bederatzietan bi ordezkariak iritsi direnean, bertan ziren 30 bat kideek gelditu dituzte eta inspekzioa egitea ukatu diete.

Jadanik hainbat inspekzio burutu ditu Hezkuntza Nazionalak Seaskan. Besteak beste, bat "ustekabean" Bernat Etxepare lizeoan, eta beste bat Kattalin Elizalde Ikastetxean, nahiz eta azken horretan ez diren azaldu. Printzipioz inspekzioen aurka ez badira ere, Seaskako irakasle eta burasoek kontraesan bat salatu nahi izan dute. Antton Etxeberri Seaskako Ko-lehendakariak azaldu digunez, bi arrazoi nagusi dira:

Alde batetik, “Azterketak Euskaraz” gaia mahai gainean dago beti. Oroitarazi dute azken hilabeteetan bi eskaera nagusi egin dituztela: matematikako azterketak euskaraz egiteko aukera eta ahozko handia euskaraz pasatzeko eskubidea. Bi eskaerak ukatuak izan zaizkie, eta Seaskak erabaki hori ulertezina dela adierazi du; izan ere, haien ustez, badira nahikoa zuzentzaile matematikako proba euskaraz pasatu ahal izateko.
Bestetik, 2026-2027 ikasturterako, Seaskak 74 ikasle gehiago aurreikusten ditu bigarren hezkuntzan: horietatik 40 ikasle gehiago bost kolegioetan banatuak eta gutxienez 34 ikasle gehiago Bernat Etxepare lizeoan. Alta, ez dute postu gehigarririk aurreikusi. Egoera hori guztiz kontraesankorra dela salatu du Seaskak.

Azkenean, trakta bat jaso ondoren, bi ordezkariak segidan joan dira, bestelako adierazpenik egin gabe. Bestalde, Seaskako kideek heldu diren asteetan mobilizatzeko deia egin dute, besteak beste, ekainaren 6an Bordelen egingo den mobilizazioan parte hartzera.

Interesgarri izanen zaizu