Aquazone ur parkearen handitzearen kontra 270 pertsona mobilizatu dira igande honetan, aintziraren inguruan, giza kate bat osatuz, eta ondoren, piknika eginez. Ur parkearen kudeatzaileek diote legea alde dutela eta inbertsio handiak egin dituztela.
Aquazone ur parkeak hamar urte egin ditu Senpereko aintziran arazorik gabe. Alta, azken hilabeteetan tentsioa emendatzen ari da ur parkearen handitzea onartu zuenetik aitzineko herriko etxeak. Hitzarmen horren kontra jo dute hainbat senpertarrek, eta herriko etxe hautatu berriak.
Aldiz, Aquazoneko kudeatzaileek legea alde dutela ihardokitzen dute, 500.000 euroko inbertsioak egin dituztela proiektu berrian, eta herriko etxeak egin proposamen berria aitzinatzea konplikatua dela, segurtasun arloa ez delako arras finkatua. Henri eta Karen Charlet senar emazteak dira gerenteak. "Ez dugu ukan herriko etxetik konbenio berririk, proposamen soil bat baino ez. Ez gara ez alde, ez kontra. Baina badira ainitz arlo berrikustekoak, seguritateari buruzkoak batez ere, eta legeari dagozkionak", gehitu du Karen Charletek. "Prest gara mintzatzeko baina 500.000 euroko mailegua dugu parkea handitzeko, eta hitzarmen bat sinatua dugu herriko etxearekin".

Igandean giza katea, eta ondotik, piknika antolatua zuten ur parkearen handitzearen kontrakoek. Gune publiko bat pribatizatzea ez dela haizu aldarrikatzen dute ozen. Kontent ageri dira 270 jende hurbildu baitira mobilizaziora eta nasaiki, baina fermu, segituko dutela mobilizazioekin diote.
Senpereko aitzineko herriko etxeak sinaturiko hitzarmena ur parkeko kudeatzailearekin, ez dela zuzena eta justua uste dute senpertar mobilizatuek, eta, lehengo gunera aldatu dadin ur parkea galdegiten dute.
