Sokorri zerbitzuen lana emendatu bada ere, beroteak ez ditu larrialdi zerbitzuak saturatu

Pirinio Atlantikoetako 125 egitura mediko-sozialetan aktibatu dute plan urdina, barne antolaketa moldatzeko. Berrehun eskolatan moldatu dute ordutegia, batzuk itxi ere egin dituztelarik. Bihar ere egun osoan mantenduko da alerta gorria.

Sokorri zerbitzuen lana emendatu bada ere, beroteak ez ditu larrialdi zerbitzuak saturatu
40 graduz gaindiko tenperatura iragarri dute gaurko barnealdean, 35 ingurukoa kostaldean. ANTXETA IRRATIA
Aimar Lopez Erasun
2026/06/23 08:50

24 ordu gehiagoz luzatuko da, gutienez, beroteagatik alerta gorria. Météo Francek asteazken eta ortzegun arteko gauera luzatu du zaintza gorria, eta ortzegunean tenperaturak hamar bat graduz apalduko direla aurreikusten dute aro ikerleek. Bitartean baina, asteburuan zehar aktibatu ziren neurri bereziek martxan diraute, eta erantzunak eraginkorra dirudi: sokorri zerbitzuen lana %30 emendatu bada ere, larrialdi zerbitzuak ez dira haien gaitasunaren mugara helduak.

Eskolak, egokitzapenekin, baina martxan

Departamenduan, berrehun eskola eta 27 kolegiotan egokitu dituzte ordutegiak, eta bost eskola itxi dituzte, Bordeleko errektoretzaren datuen arabera. Hala ere, praktikan, Ipar Euskal Herriko eskola eta kolegio andanatan ahal denean ikasleak etxean atxikitzeko oharra eman diete gurasoei. Lizeoetan, ez da ikaslerik kurtsoetan aste honetan; bigarreneko ikasleak ikastaldietan dira, lehen eta terminalekoak, azterketetan edo bakantzetan.

Izan ere, Baionako René Cassin lizeoan egunotan egitekoak ziren Baxoko Ahozko Handiko probak gibelatu dituzte, lizeoak ez baititu klimatizazio baldintza egokiak betetzen. Ipar Euskal Herriko bertze lizeoetan arazorik gabe egiten ari dira azterketak.

Elkargoaren esku diren igerilekuak arratsera arte urririk irekiak

Atzo bezala, gaur ere 16:30etik 20:30era irekiko dituzte Euskal Hirigune Elkargoak kudeatzen dituen Maule, Uztaritze, Donapaleu, Kanbo, Baigorri, Hazparne, Bidaxune, Donibane Garazi eta Zuraideko igerilekuak, urririk. Gainera, Uztaritze, Donibane Garazi, Hazparne, Kanbo, Donapaleu eta Bidaxuneko igerilekuak goizez ere ireki dituzte, 14:00ak arte. Kontuan hartzekoa da igeriketa kurtsoak bertan behera utzi dituztela berotea bukatu arte.

Baionan, kultura azpiegituren ordutegia moldatua

Baionako mediateka 9:30etik 14:00tara irekiko dute gaur, eta Santa Gurutzeko liburutegia hetsia izanen da ostegunera arte. Baionako merkatu estalia ere hetsia da gaur eta bihar, eta Gaskoinen plazako biharko merkatua ezeztatua. Kirol instalazioak hetsiak dira igerilekua salbu. Didam erakusketa gunea ere itxia da, haatik, Bonnat Helleu museoa irekia eta dohainik izanen da bihar, asteazkenez, 10:00etatik 18:30era.

Herriz herri, klima aterpeak irekitzen ari dira

Atzotik Baionan Jean Dauger estadioan edo Miarritzen Iratiko erakustazokan bezala, herriz herri ari dira areto publiko fresko edo klimatizatuak herritarrentzat irekitzen. Uztaritzen, Angelun edo Bokalen hala da, jakin izan dugunez.

Interesgarri izanen zaizu