Continental hotela okupatu eta egun batera, Euskal Hirigune Elkargoaren jabetzakoa den Donibane Garaziko suhiltzaileen egoitza ohia lortu du Garaziko Gaztetxeak. Gaur 19:00tan aurkeztuko dute.
"Borrokak merexi du": mezu argiarekin eman diote ongi etorria sareetan Garaziko Gaztetxe berriari. Continental hotela zen eraikina okupatu zuten atzo goizean, eta argi adierazi "beste hauturik" ez zutela ukan, negoziaketak saiaturik ere. Kontrako iritzia agertu digu gaur goizean Laurent Inchauspe Donibane Garaziko auzapezak, Elkargoaren hainbat lokal mahai gainean zirela adieraziz. Bada, azkenean, okupazioaren ondotik Herriko Etxeak 2020an hustu zen Garaziko suhiltzaileen kaserna zaharra uztea erabaki du.
Izan ere, 100m² baino gehiagoko eraikina Hirigune Elkargoarena baldin bada ere, Donibane Garaziko Herriko Etxearen esku da, bere erabilpenaren arduraduna izanik. Momentukotz, irailaren 22a arte Gaztetxea han egoitea adostu dute. Hain zuzen, irailaren 21ean Herriko Etxea eta Hirigune elkargoa bilkura batean elkartuko dira tratua ofizialki adosteko, edo ez. Hori dela eta, Continental Hoteletik joanen dira gazteak.
Gaur 19:00tan aurkeztuko dute bisita eta aperitifa baten kari.