Tuberkulosia: ELB sindikatua DDPParen protokoloa berriz ere hazleen kontra abian dela salatu du

Xiberoan, hamaika etxaldetan tuberkulosia kasuak agertu direnaren ondorioz, DDPPak protokolo bat proposatu du. ELB sindikatuak, protokolo horrekin desadostasunak ditu.

Tuberkulosia: ELB sindikatua DDPParen protokoloa berriz ere hazleen kontra abian dela salatu du
Atsalde huntan, ELB sindikatuak Laborantxa ganbaran antolatu du tuberkulosiari buruzko prentsaintzinekoa
Admin
2025/03/10 16:47

ELB sindikatuaren arabera, azken hamar urte horietan, bortuetan den behi kopurua %25 apaldu da. Hori kontutan harturik, ELB sindikatua, joan den astean DDPPak proposatzen duen tuberkulosiaren kontrako protokoloarekin ez da ados. Jakin behar da, protokolo hau ez dela ofiziala eta asteazkena arte laborantza munduko organismoek dutela horri buruz gogoetatzeko. Protokolo horrek, tuberkulosia agertu den kasuen inguruan zona bat definituko luke zeinetan, kabalak bortuetara joan aitzin, profilaxia testa bat egin beharko duten. Horren ondorioz, bortuaren erabilpenean ondorioak izaten ahalko direla dio ELB sindikatuak, hazle gutxiagok kabalak bortura eramateko hautua eginen dutela erranez.

Bestalde, sindikatuak dio DDPParen protokoloak soilik behien arteko kontaminazioa kontutan hartzen duela, eta ez basa abereengandik egiten den transmisioa. Basa abere batzu positibo agertu diren heinean, alde horretatik ere neurri batzuen ezartzea galdegiten du ELB sindikatuak. Eta, testen fidagarritasuna ere zalantzan ezartzen dute ELBko kideek, haien arabera, testen %20 positibo faltsuak direla erranez. Asteazkenean beraz, gogoeta ezberdinak aipatuko dira eta protokolo bat finkatuko da. DDPPak proposatu duen protokolo bera plantan ezartzeko erabakia hartzen bada, mobilizazio batzuen antolatzeko posibilitatea izan daitekeela gehitu du ELB sindikatuak.

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu