Uda bukatu da, eta Departamenduko Turismo Agentziak lehen balantzea aurkeztu du. Oro har, Ipar Euskal Herriak bisitari kopuru sendoa mantendu du, iazkoaren parean, eta barnealdean, gainera, gorakada izan da.
Bi hilabeteetan guztira 5,4 milioi bisitari jaso dira Ipar Euskal Herrian, nahiz eta mublatu turistikoen eskaintza murriztu izanak gaualdi kopurua apaldu duen (%-8). Horren ordez, okupazio-tasa hobetu da eta diru-sarrerak gora egin dute, prezioen igoerari esker. Hotelek %83ko okupazioa izan dute eta kanpinen bi heren pozik agertu dira denboraldiarekin.
Bisitari urrun batzuk gutxitu dira (Île-de-France, Loira, Hauts-de-France), baina gertukoak –Gironda, Okzitania, Hegoaldea eta Espainiatik etorriak– izan dira aktibitatea mantendu dutenak.
Lurraldeen bilakaeran, joera ezberdinak ikusi dira: kostaldean eta Garazin beherakada txikiak izan dira, baina Alduden %8ko hazkundea izan da, 290.000 bisitarirekin, eta landa-eremuak oro har gora egin dute, baita Landetako mugako herriak ere (+%6), hiri-inguru eta klase ertaineko bisitariekin.
Turismoa ez udan bakarrik
Horrek guztiak erakusten du gero eta gehiago balioesten direla barnealdeko eta landa-eremuak, kostaldearen osagarri gisa. Departamenduko Turismo Agentziako zuzendari Philippe Campak azpimarratu du agentziaren helburua dela turismoa ez soilik udan, baizik urte osoan eta lurralde guzietan zabaltzea. Aurtengo datuek erakusten dute estrategia hori norabide egokian dela.
Irailean, erreserbak iazko mailan dira. Mugimendu handiena lehen hamabostaldian espero da.