Udako Euskal Unibertsitateak eta Seaskak haien hitzarmena berritu dute, Euskal Baxoa sortzeko

Seaskak eta Udako Euskal Unibertsitateak 2024an abiatutako hitzarmena berritzea erabaki dute, hitzaldi-ziklo berri bat sortuz eta Euskal Baxoa eratzeko helburuarekin elkarlanean jarraituz.

Udako Euskal Unibertsitateak eta Seaskak haien hitzarmena berritu dute, Euskal Baxoa sortzeko
Har(H)itza hitzaldi-zikloa jarri dute martxan. Logoa Barbara Agor Bernat Etxepare Lizeoko ikasleak egin du, bertan egindako lehiaketaren irabazleak. EUSKAL IRRATIAK
Esteban Bastié Aguerre
2026/02/03 14:18

Duela bi urte sinatutako akordioa berrituta, Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) eta Seaskak Har(H)itza hitzaldi-zikloa aurkeztu dute. Ziklo horrek “euskararen ohiturak indartu, partekatu eta hitza hartzeko gunea” izan nahi du, Sophie Layus Seaskako lehendakariak eta Ane Sarasua Aranberri UEUko idazkari nagusiak azaldu dutenez.

Azken bi urteetan bezala, hainbat arlotan elkarlanean jarraituko dutela iragarri dute bi erakundeek: Seaskaren euskara-programazioa lantzeko eta euskal curriculuma zehazteko gogoetan UEUko adituen sarea aktibatzea; Seaskako irakasleen prestakuntzan elkarlanean aritzea, hezkuntza eta hizkuntza-helburuak lortzeko eta praktika pedagogikoak hobetzeko; eta, horrez gain, UEUren Udako Ikastaroen barruan formakuntza-saioak antolatzea.

Hitzaldi-ziklo berria

Aurten jarri dute martxan Har(H)itza hitzaldi-zikloa, euskararen erabilera indartu, partekatu eta hausnartzeko gune gisa. Saioak gurasoei zuzenduta egongo dira bereziki, baina interesa duen edonorentzat irekiak izango dira. “Egunerokoan euskara erabiltzean topatzen ditugun zailtasunak eta indarguneak identifikatu eta elkarbanatu nahi ditugu”, azaldu dute Leiane Madariaga Seaskako kideak eta Oihana Galé Zamponi UEUko Ipar Euskal Herriko arduradunak. Urtarrilean Baionan eskaini dute lehen hitzaldia: “EuskarAbentura eta gazteen euskaltzaletasuna, eskuz esku”. Hurrengo hitzaldia martxoan izango da, inklusioari buruzkoa, eta ekainean elebitasunari eskainitakoa.

Euskal Brebeta eta Euskal Baxoa

Hitzarmen horren baitan kokatzen da, besteak beste, duela bi urte abiatutako Euskal Brebeta. Seaskak azken bi ikasturteetan hirugarren mailako ikasleen B2 maila eta euskararen ezagutzak ebaluatzeko azterketa egin du, eta UEUk ebaluazio-irizpideak zein azterketaren antolaketa gainbegiratu ditu. Iaz, ikasleen %82k gainditu zuen azterketa, eta ekimenak harrera positiboa izan du Seaskan.
Orain, urrats bat harago joan nahi dute: bi erakundeak lanean ari dira 2027an Euskal Baxoa sortzeko, B2 eta C1 hizkuntza-mailak ziurtatuko dituen azterketa gisa. Egoitz Urrutikoetxea Seaskako hezkuntza-zuzendariaren hitzetan, proiektuaren helburua “Euskaldun osoak sortzea” da, hizkuntza, soziolinguistika eta literaturan oinarritutako programa bateratu baten eta azterketa-sistema propio baten bidez, frantsesezko baxoan bezala.

Interesgarri izanen zaizu