Ukrainako eskola eta ospitaletan hiru aste iragan dituzte Kiribil konpainiako Amaia Hennebutte eta Fabrice Jacobek, "larrialdi kultural humanitarioa" praktikatzen. Sorkuntzaren bidez ongizate mentala hobetzeko tresnak partekatu dituzte.
"Poza eta parentesia poetikoak beharrezkoak dira larrialdi egoeratan ere": hala laburtu du Amaia Hennebutte Kiribil konpainiako kideak Ukrainara egin berri duten bidaia. Sendagaiak eta ezinbesteko lehengaiak ezinbestekoak badira, argi dute artea eta kultura ere garrantzia handikoak direla halako kasuetan. Ongizatea eta osasun mentala haien ekimenaren erdian eman ditu.
Herritar zaurgarriak dinamika "sortzaileetan" inplikaraziz, "aktibo" bilakatzen dira, Amaia Hennebutten arabera, eta berehala ohartzen dira "askoz hobeki direla. Joko sinple batzuk partekatu dituzte hala, zentro horietako profesionalei eskaintzeko, ondotik haien pazienteekin egin ditzaten. Bideo eta fitxa andana sortu dituzte, eta QR kode batzuetan utzi, maleta batean, baloi bat eta zinta batzuekin batera, baliabideak betiko atxiki ditzaten profesionalek.
Bertzeak bertze, zinta dantzan aritu dira Ukrainako arta profesionalekin. KIRIBIL KONPAINIA
Besoak zabalik hartu dituzte Ukrainako eskola eta erietxeetan, Hennebuttek azaldu duenez, puntako medikuntza eta hezkuntza garatuak badituzte, artea eta kudeaketa emozionala ez baitzituzten uztartuak ez hainbeste landuak: "Leiho bat ireki diegu guk, eta haiek ate bilakaraziko dituzte orain".