«Begirune eta amodiozko monumentua. Wilhelm Von Humboldt eta Euskal Herria 1800ean» diziplina arteko erakusketa estreinatu dute. Euskarari eta Euskal Herriari begirada trinkoz so egin zion prusiarrak, eta Euskaldunak narrazioa sortu.
Wilhelm Von Humboldt antropologo eta hizkuntzalari prusiarraren bidaia kontakizun batean oinarritu da Baionako Euskal Museoa estreinatu berri duten egiteko. Antropologoak Euskal Herriaren eta euskaldunen analisia bat egin zuen Euskal Herria bisitatuz, 1799 eta 1801 artean. Bertatik, XX. mendera arte argitaratu gabea zen Euskaldunak obra sortu zen, eta horixe da hain zuzen ere erakusketaren oinarria.
Testu hori oinarri, Humboldtek Euskal herrian egin zituen bidaiak ilustraturik ageri dira museoan. Erakusketak paisaiak, lekuak eta euskal izaera lantzen ditu, hizkuntzari garrantzi berezia emanez. Horretarako, Euskal Museoko garaiko obrak eta mailegatuak izan diren lan ospetsuak erabili dituzte, Jacques Battesti erakusketaren zuzendariak azaldu duenez: «Gehiengoan museoko obrekin ilustratzen dugu, erakusten du bildumaren aberastasuna, eta gauza ospetsuak prestatuak izan zaizkigu: XVIII. mendeko biltzarraren bilduma edo garai hartan Behobia irudikatzen duen Millin du Perreuxren obra. Horrek gaia segitzen eta garai horretara itzultzen laguntzen du. Egia erran behar da, garai hartako ilustrazioak izigarri arraroak dira. Biziki guti dira, Euskal Herrian grabaduren eta paisaien marrazkien garapena geroago heldu da, XIX. mendean».
Robert Battyren Bidasoko Bailara Irundik 3 Milatara (1823) lanak ilustratzen du bertzeak bertze erakusketa. TOLOSAKO HERRIKO ETXEA-UDAL LIBURUTEGIA
Bestalde, partaidetza bati esker, Euskal Herriko Arte Eskolako obra garaikideek ere ilustratzen dute Humboldten bidaia. Clara Pacquet arte eskolako irakasle eta ikerketa zuzendaria da, eta Battestirekin bat egin du: «Hori egin dugu testu hori ilustratzeko, Euskal Herria guti irudikatua delako arte garaikidean. Bestalde, testu historiko horrekin elkarrizketa baten sortzearen interesa da aldi berean ikuspundu historiko bat ematea, begirada modernoago batekin nahasiz».
Erakusketa heldu den urteko urtarrilaren 10era arte ikus daiteke. Hainbat jarduera ere antolatu dituzte erakusketaren aitzakiapean, hala nola irailaren 10ean, Iñaki Zabaletak emanen duen «Humboldt, Euskal Herria baino lehen» hitzaldia. Xehetasun guztiak Baionako Euskal Museoaren webgunean atzeman daitezke.