Aurtengo xingar feria apirilaren 23 eta 26 artean ospatuko da, Eremu Geografiko Babestuko (IGP) labela duen Baionako Urdaiazpikoaren sustapenerako.
Lau egunez Roland Barthes gunean 17 harategi eta gazitzaileren produktuak dastatzen eta erosten ahalko dira. Horrez gain, beste hainbat mozkin izanen da merkatuan eta bertan jateko aukera ere bai. Ostegunez urteroko etxeko urdaiazpiko txapelketa ospatuko da.
Azoka zen bezala atxikitzeko gogoa
Baionako Herriko etxeak neurriak hartu nahi izan ditu, xingar feria ez dadin izan "Baionako besten errepika orokor" bat bilakatu. 2024tik plantan eman ziren data aldaketak ondorio onak ekarri dituela azpimarratu du Jean René Etchegaray Baionako auzapezak. Jende gehiegi heldu zelakoan, aste sainduan izan ordez apirila bukaerara gibelatu zen ; horrek %15 apaldu du feriara heldu den pertsona kopurua. Horrez gain, azoka egunez delako, arratseko zortzietatik goiti musika taldeak ezingo dira ibili karriketan, peñak hamarretan hetsi beharko dira eta ostatuentzat kanpoan kontuar eta bozgorailuak ematea debekatua izanen da.
Yves Ugalde Baionako kultura eta animazioen axuantak oroitarazi du xingar feriaren helburu bakarra komertziala dela eta beharrezkoa dela tradizioaren mantentzea. Bere ustez gazteek bereziki ohiturak ez dituzte errespetatzen, bakarrik besta egitera heldu direlako.
Xingar feriara heldu diren hiru pertsonatik bat baizik ez da ekoizleen karpan gelditzen. Zifra hori igoarazteko xedea dute Baionako partzuergoko kideek, proposamen berriak eginez. Hau da, Baionako Urdaiazpikoaren historia ezagutarazteko erakusmahai bat ezarriko dute ekoizleen karpan eta xingar oso baten irabazteko parada izanen da.
Baionako Urdaiazpikoaren ekonomia
Baionako Urdaiazpikoak 1998a geroztik Jatorri Geografiko Babestu (IGP) labela du. Frantziako 22 departamendutan ekoitzia izan daiteke eta Aturriko haranean baizik ezin da eraldatua izan. Orotara 5000 enplegu biltzen ditu Baionako Urdaiazpikoaren sailak. Christian Montauzer xarkuteria egile eta Baionako urdaiazpikoaren partzuegoko kideak saila egoera onean dela azpimarratu du.