Etxebizitza sozialak, kultur gunea eta elkarteentzako espazioak sortuko dituzte herritarren kooperatibaren bidez.
Hazparneko Xuriatea ostatu-jatetxeak bere historiako aro berri bat abiatzen du. Herritarren kooperatiba batek sustatutako proiektuaren bidez, eraikina berritu eta erabilera sozial berriak garatuko dituzte: zortzi etxebizitza sozial, kultur gune bat eta elkarteendako lokalak sortuko dituzte, ostatu-jatetxearen jarduera atxikiz.
"Teilatu bat, lau ate" lelopean aurkeztu dute egitasmoa. Xuriatea duela 25 urte sortu zen herritarrek sustaturik, eta geroztik Hazparneko bizitza sozial eta kulturalaren bilgune garrantzitsua izan da. 2003an, eraikina salgai jarri zutenean, 128 herritarrek sozietate zibila sortu zuten higiezina erosteko eta proiektuaren etorkizuna bermatzeko.
2023an mailegu guziak pagatu ondoren, bazkideek eraikinaren etorkizunari buruzko hausnarketa abiatu zuten. Erabilerarik gabe ziren gaineko solairuak berritu eta bokazio sozialeko proiektu bati lotzea erabaki zuten. Horrenbestez, lehen hotel-gelak ziren espazioak zortzi etxebizitza sozial bihurtuko dituzte. Lehentasuna emanen diete diru-sarrera apalak dituzten herritarrei, bereziki eskualdeko gazteei eta Hazparnen bizi nahi dutenei.
Egitasmoak beste bi ardatz ere ukanen ditu: alde batetik, kultur jarduerak hartzeko prestatutako antzoki bat egokituko dute; bestetik, herriko elkarteek erabiltzeko bilkura gelak sortuko dituzte. Behereko solairuan den ostatu-jatetxeak, berriz, bere jarduera segituko du.
Proiektua aitzinera eramateko, Lekukoa izeneko interes kolektiboko kooperatiba-sozietatea sortu zuten 2025eko abenduan. Hamabost eguneko epean 63.000 euro bildu zituzten 98 kooperatibisten ekarpenei esker. Gaur egun, ostatu-jatetxeak dituen bost lanpostuak atxikitzen ditu egitura berriak.
Berritze lanen aitzinkontua 1,93 milioi eurokoa da. Finantzaketa osatzeko, herritarren diru-bilketa kanpaina abiatu dute, 120.000 euro biltzeko helburuarekin. Sustatzaileen erranetan, helburua da Xuriateak etorkizunean ere «harrera egiteko gune herritar, bero, euskaldun eta guzientzat idekia» izaten segitzea.