Badira fikziozko filmak, badira dokumentalak, eta badira bien artekoak. Azken genero hau maiz ikusten da Zabaltegi-Tabakalera sailean, baina aurten, Zinemira sailak hartu du Nitya Lopezen lehen film luzea, 'Simulacro'.
Fikzioaren eta dokumentalaren artean dantzan egin du Nitya Lopezek bere lehen film luzea. Donostiako Zinemaldian estreinatu duen Simulacro lanean, lau urte zituela bere gurasoen artean izan zen eztabaida handi bat eta harremana hartara eraman zuten gertakariak hartu ditu ardatz, eta Iraia Elias eta Miguel Garcés aktoreen bidez birsortu du gurasoen harremana. Lopez ere ageri da etengabe filmean, zuzendari bezala, baina baita nolabait ere seme bezala ere.
Filmean, etengabe tartekatzen dira sekuentzia dokumentalak, zeinetan Lopezek argibideak ematen baitizkien antzezleei, eta fikziozko sekuentziak, Elias eta Garcés zuzendariaren gurasoen paperean agertzen direnak. Gidoi literariorik gabeko filma da Simulacro, zuzendariak sortu nahi zituen eszenak azaltzen zizkien, labur, aktoreei kameren aitzinean, eta berehala hasten ziren inprobisaziotik lanean. Lan-talde batek aktoreak grabatzen bazituen, fikziozko sekuentziak alegia, gibelerago zen bertze talde batek den-dena grabatzen zuen, dokumentala beraz.
Ikuslearentzat fikzioaren eta dokumentalaren artean kokatzen bada filma, aktoreentzat berriz, zinearen eta antzerkiaren arteko ariketa izan da, inprobisazioak izan duen lekuagatik. Iraia Eliasek gustura egin duela kontatu du, "jolasa" izan dela.