Aiaraldeko (Araba) Faktoria kooperatibak, eta, Oztibarreko (Nafarroan Beherea) ikastolak eta Ezpeletenia ostatu kulturalak haurrendako egonaldia antolatu dute euskaratik eta euskaraz. Eguna pasa dugu haiekin.
Bortz egunez hogei haurrek Oztibarreko egonaldia partekatu dute Larzabalen eta inguruetan. Ideia duela hilabeteak lantzen hasi zirela Aiaraldeko (Araba) Faktoria kooperatiba, eta, Oztibarreko (Nafarroa Beherea) ikastola eta Ezpeletenia ostatu kulturala, abiapuntua izan zelarik euskarak lot zitzan Aiaraldeko haurrak eta Oztibarrekoak, hain justu ere, Arabako eskualde hori ez baita gehiago euskalduna, espainolaren itotzeak eraginik.
Hala, elkarlan horretatik sortu da bortz eguneko egitarau anitza bezain soila: Porrotxen bisita-sorpresatik abiatu, eta, altxor-jokoak, errekan bainatzea, Irisarri Ospitaleko Manu Iñarraren mitologia-murgilketa, Paxkal Irigoienen musikarako gomita, Peio Oillarbururen ele-josteta, norberak bere pizza egitea eta Larzabale Jauregiko labean errearaztea, Oztibarreko ikastolaren horma-irudia egitea Asisko Urmenetaren isipuak gidaturik eta AItor Txarterinaren laguntzaz, Izura Latsagaren bisita-gidatua Daniel Arbeletxeren eskutik, If Matxikot artistaren tailerraren bisita, eta horiek oro, Ezpeleteneko teilatu-peak eta mahaiak goxaturik.
Eta, Irulegiko irratiak haiekin partekatu duen egunean, Beltxu kasik kaskorat igan dira oinez denak, hori bai, lehenik norberak bere makila eskuraturik, Ibarla Etxebesteko makil-egileei esker.
Hoztatik abiatu dira oinez, bidean askaria jan, eta, kaskotik hurbil, Hozta Xurrutako Mixelek batzarri egin die, eta bere artzain-ofizioa erakutsi. Leiane Madariagak boteluze artzain-jolasean ariarazi ditu, afaldu eta gero, bukatzeko, Bunuztar Xoriak taldeko bortz dantzariri esker, denak dantzan aritu dira.