Neguko tenperatura hotzekin, heldu da zuhaitzak landatzeko garaia. Usaian, azaroa erditsutik, otsaila bukaerara irauten du sasoiak. Horren kari zenbait landaketa egin dira Baxe Nafarroan. Azkena, abenduaren 12an antolatu du Baigorri ibarreko Ehiztarien Batasunak, Munhoako mazelan. Orotara, 30.000 euroko inbestimendua egin dute hiru hektareako oihana sortzeko. Haritzak, gaztainondoak, pagoak, fruitu arbola ttipiak… hamabost espezie desberdin ezarri dituzte, mendiko bioaniztasuna zaintzeko. CPIE Ingurumenaren Aldeko Ekimen Zentro Iraunkorraren, Euskal Hirigune Elkargoaren, Departamenduko Ehiza Federakuntzaren eta Mendi sindikatuaren diru laguntzak ukan dituzte, besteak beste.
Beste herri ainitzetara bezala, Baionara ere iritsi ziren Olentzero eta Mari Domingi. Usaian egiten duten bezala, itsasontziz. Harrera beroa egin zieten Baionako eskola eta ikastoletako haurrek Xaho kaian, kantu artean. Jende olde handia zen Baionan, eta gehienak Olentzerori harrera egiteaz gain, azken aldiz antolatua zen argitxoen askatzean parte hartzeko baliatu zuten eguna.
“Asilo eta immigrazio legeari ez” lemapean, 60 pertsona bildu dira azaroaren 18an Izpegiko lepoan, Diakité-Etorkinekin elkarteak deiturik. Etorkinen Nazioarteko Eguna baliatuz, «etorkinen kontrako lege bortitzena» salatu dute. Asilo politikoa edota lan egiteko baimena galdegiteko baldintzen zorroztea aitzinikusten du lege proposamen berriak, baita Estatuaren osasun laguntza ukatzea ere. Iragan abenduaren 11an gibelara bota zuen Drantziako legebiltzarrak lege proposamena; ondorioz, testua berrikusteko batzorde misto parekidean bilduko dira zortzina diputatu eta senatari adosmen batera heltzeko.
Urepeleko "zuhaitzak landatzen dituen gizona" da Xalbat Bidart. Hamairu urterekin jada hasi zitzaion zuhaitzekiko maitasuna loratzen, eta 1978tik urte bat bera ere ez du huts egin zuhaitzak landatu gabe. Arranguraz ikusten du Ipar Euskal Herriko mendien egoera, zuhaitz mozketen eta mendiko suen baliapen txarraren ondorioz «larrutuak» ikusten baititu. Azken urteetan, adinean goiti joan arau Aldudeko Urrixkan kontzentratu ditu bere indarrak. Gaztainondo, haritz, pago eta bestelako tokiko espezien muskilak sobera diren tokietatik erauzi, eta hutsak diren eremuetan birlandatzen ditu. Abenduaren 12an Baigorri ibarreko ihiza batasunak antolatu duen zuhaitz landaketan atzeman eta ezagutu dugu gizon miresgarri hau.
Hegazti gripearen aitzinean hazkuntza ttipiendako araubide propio baten esperantza dute laborariek. Confédération paysann sindikatuak bultzaturik esperimentazio bat abiatuko da Estatuko aire-libreko 130 hegazti eta zerri hazkuntzetan, horietarik 8 Ipar Euskal Herrian. Anartean, gripearen hedapenari begira, gobernuak alarma hein gorena piztu du, eta kabalak barrukietan atxikitzeko manua eman. ELBko laborariek, aldiz, prefetari jada jakinarazi dakote kanpoan atxikiko dituztela.