Dominika Epherre, Jean Etxart, Jean Etxegoihen, Pierra Jaragoihen, Jean-Philippe Prat eta Beñat Queheille 1979an juntatu ziren Altzükütarrak taldea muntatzeko. Akapela, Gitarrarekin eta eskusoinuarekin, Xiberotar ohizko kantuak eta sorkuntzak dituzte ematen. Taldeak 5 disko grabatu ditu, berriki berrargitaratutakoak. Altzükütarrak, 1979an sortu zenetik, kontzertu franko ditu emanik, lehenik Xiberoan, baina haien famak Euskal Herriko leku anitzetarat jotzeko parada eman die, Kaledonia Berrian bezala. Eguberriko aste honetan, haien ibilbideko kantu zonbait eskaini dizkigute.
Iragan urteko aktualitatea markatu du euskalgintzak. Azken ikerketa soziolinguistikoek erakutsi dutenez, euskal hiztunen gainbehera absolutua geldiaraztea erdietsi bada ere, balore erlatiboetan errealitatea ezkorragoa da. Hori dela eta Euskal Konfederazioak argi utzi zuen, «euskara biziraun dezan 2050ean Iparraldeko herritarren %30a euskalduna izan beharko da». Gaur egun, hiztunen %19k daki euskaraz. Euskararen irakaskuntzaren alorrean Seaskak betetzen du funtzio garrantzitsuena Ipar Euskal Herrian. Zentzu horretan, hainbat auziri egin diete buru 2023an, hala nola, Senpereko lurren salmentaren auzia, Beskoitzeko ikastolaren baimen ukatzea edota azterketak euskaraz egiteko etengabeko erronka.
Kultur urte aberatsa izan da 2023a Iparraldean. Euskal Kultur Erakundeak 1.500 ekitaldi baino gehiago zenbatu ditu Ipar Euskal Herrian, eta 70 sorkuntza argitaratu dira. Gainera, irakurle taldeek antolatu hitzorduak azpimarratu daitezke. Bestalde hiru kabalkada izan dira Heletan, Luhuson eta Arrosan, Mehaineko Buhame Erreka 'kakolada' ere ahantzi gabe. EKEk 120 egitasmo lagundu ditu iaz, eta urte berrirako 170 eskaera jaso ditu jadanik.
Duela aste bat Biper sindikatak bere biltzar nagusia egin du. Urteko bilduma egin dute eta ondoko urteen lanak aipatu dituzte, horien artean sormarkaren araudiaren moldaketak. Antton Castoreo mintzatu da Panpi Olaizola Biper sindikatako lehendakariarekin.
MHE edo eritasun hemorragiko epizootikoa, behien eritasun hori lehen aldikotz sartu da Ipar Euskal Herrian aurten. Harridura eta kezka sortu du hazleen artean baina azkenean neguarekin epidemia lasaitu egin da. Antton Castoreo, Pierre Diharce behi hazlearekin eritasun hortaz berriz solastu du, urtearen bildumaren egiteko: