Maurizia proiektua martxan da Baionan. Hamar gaztek, herriko etxearen esku den eraikin bat okupatzen dute maiatzaren 4tik. Baionako Santa Ursula karrikan da eta hiru estaiko egoitza hutsa da. Etxebizitzaren krisiak zuzenki hunkitzen dituen gazteak dira. Helburua dute ere gune horretan eskaintza kultural eta soziala proposatzeko. Jakin behar da herriko etxeak auzoa berregituratzeko proiektua duela, eta berriki kontzertazio bat martxan eman du. Gazteek, alokairu kontratua egitea proposatu diote herriko etxeari, eraikina hutsa izanen den bitartean erabili ahal izateko. Atzo arratsaldean polizia hurbildu zen bertara. Ezin izan dituzte gazteak kanporatu, okupatzaileek ez dutelako aterik hautsi eraikinera sartzeko. Halere, okupazioa egiaztatu, eta kanporatze prozedura legala abiatuko dute.
Iragan urteko Frantziako presondegien bilanak egoera hori utzi du agerian. Dominique Simonnot, txostenaren arduradunak azpimarratu du, kartzelak jendez gainezka direla, bere edukieraren %200eraino batzuetan. Gain populakuntza horri lotzen dizkiete baldintza oker gehienak, horri darion presoen arteko tentsioa, zaindari, janari eta arta eskasa. OIP Presondegien Behatokiko Maite Etcheverria Goiz Berri saioko gonbita izan da.
Eztabaida luze joan da beste behin ere, taldeen kontra agertu direnen artean, ez alde eta ez kontra zirenen artean eta alde zirenen artean. Azkenean, finantzamendua onartu da halere, eta beraz, talde bakoitzari urtean 85.000 euro emanen zaio kolaboratzaile bat diruztatzeko. Funtzionamendu gastuei buru egiteko Bil Gaiten ezkerreko talde abertzaleak 19.800 euro eskuratuko ditu, eta Elkarrekin Herriarentzat talde abertzale eta eskuindarrak 27.600 euro. Talde bakoitzaren ondoko etapa, langile bat atxemaitea izanen da.
Frantziako Aldizkari Ofizialean argitaratu dute erabakia igande honetan. Abantsu bi urte lanetik urrunduak izan ondotik, txertatu gabeko osasun arloko langileak berriz lantokira itzul daitezke. Teorian, okupatzen zuten postua errekuperatuko dute. Orain, ospitale edota enpresa desberdinek berriz kontaktatu behar dituzte langile horiek ofizialki berriz sarrarazteko. Sindikatuen arabera, 20 000 eta 40 000 langile ingururi eraginen dio delibero horrek.
Idortearen harira, «injustizia» salatu du ELBk Baionan, astelehen huntan, DDTM Lurraldeen eta Itsasoko Departamendu Zuzendaritzaren aitzinean . Sindikatuak jadanik salatu duen bezala, laborariek ez dute ulertzen nola banatuak diren idorteari buru egiteko ematen diren diru laguntzak. Dosierren hirutik bat baztertua izan da. Ondorioz, ELBkoek sinbolikoki kolektiboki errekurtsoak pausatu dituzte onartuak izan ez diren dosierrendako. Astezkenean, Paueko DDTMek, diru laguntzen banatzaileak, errezebituko ditu dosier batzuekin aztertzeko nolaz batzuk errefusatuak izan diren eta kriterioen argitzeko.