«Publikoarekin harreman zuzena ukaiteko baliagarria zaigu Durangoko Azoka»

Urteroko argazki jendetsua utzi du Durangoko azokak bere lehen egunean. Atzo ireki zituen ateak eta igandera bitarte azoka «anitza, gaztea eta fantasiaz beterikoa» izanen dela erran dute antolatzaileek. Aurten 950 berritasun aurkeztuko dira azokan, horien artean 39 Ipar Euskal Herriko sortzaileenak. Euskal Kultur Erakundeak lagundurik, Iparraldeko hamabi egitura presente izanen dira Landako gunean; baina aldi honetan ez dira denak elkarrekin izanen, musikagintzako profesionalak musikarien gunean izanen baitira, horien artean, Matthieu Harambourek sortutako Belarri diskoetxea.

Akamarre: 4G antena baten ezarpenak hautsak harrotu ditu

44 metro goratasun duen antena batek arrangura piztu du Akamarren. 2024ko otsailean martxan egonen da, eta Christine Serres-Cousiné auzapezaren erranetan, Akamarren «behar-beharrezkoa den tresna izanen da gune xurien estaltzeko». Herriko etxearen arabera antena horrek 4G-a hedatuko du bakarrik. Herritar kolektibo batek helegitea pausatu zuen Paueko auzitegian, asteazken honetan aztertzekoa zena. Baina, ororen buru, TDF enpresak auzian galdegindako 4.000 euroko kalte ordainak ordaintzeko lanjerra saihesteko, gibelera egin dute. Biztanle kolektibo horren arabera, auzapezak ez die haien iritzia galdegin antena ezarri aitzin. Inguruko paisaian lukeen eragin ezkorra azpimarratzen dute, eta jada milako bat sinadura bildu dituzte haren ezarpenaren kontra.

«Urruñarrei agindu genizkien proiektu gotorrenak abiatuak dira jadanik»

Agintaldi erdira heldu dira Iparraldeko herriko etxeak, eta Urruñan, kanpaina garaian hitz emandako proiektu gotorrenak abian direla defendatu du Filipe Aramendi auzapezak. Trantsizio ekologikoa, ondare naturala eta eraikin publikoen egokitzea izan ziren gehiengoa erdietsi zuen zerrendaren ardatz nagusiak. Oposizioa, aldiz, kritiko agertu da azken hirurtekoko kudeaketarekin, eta auzapezak ere onartu du egitasmoak uste baino emekiago garatu direla. Herritarren parte hartzea bultzatzeko xedez, 'Herritarren biltzarra' sortu dutela azaldu du Aramendik, eta etxebizitzaren gaineko arazoa arintzeko, lurren erosketari ekin diote, lur-jabe pribatu eta promotoreekin negoziatu behar ez izateko,

Brebetako ariketen azalpenak frantseses izanen direla salatu du Seaskak

«Bi pauso aintzina, eta bat gibelera» egitearen sentsazioa du Seaskak. Hezkuntza ministerioak brebetako azalpen oro frantses hutsean ematea deliberatu zuen iragan astean, nahiz eta ikasleek euskaraz ihardukitzeko eskubidea izanen duten. Edouard Geffray eskola irakaskuntzako Frantziako zuzendari nagusiak argudiatu duenez «seguritatea eta zuzentasuna» bermatzeko hartu dute erabaki hori. Joan den urtean galderak euskaraz ukan zituzten ikasleek, ez ordea oinarrizko testuak. Seaskak, ikasleen «hizkuntza eskubideak» berriz ere urratuak izanen direla salatu du

'Xirrist', tresna berri bat haurrak xistera jokoan aritu daitezen

Sarako Eskutik kooperatibak pilotazale gazteenei egokituriko xistera sortu du. Iparraldeko Pilota Batzordearekin elkarlanean egin dute tresna pedagogiko berria, Euskal Hirigune Elkargoko diru laguntzarekin. Aztia ingeniaritza zentroak eta Mauleko Elkar zurgintza enpresak ere parte hartu dute xistera ttipi horren diseinuan. Francis Karrikartek azaltzen duenez «sorkuntza lan luzea izan bada ere, egiazko xisteraren ezaugarriak errespetatu dituzte». Larruz eta gaztainondo xafla batez egin dute, zumezko edo mihimenezko xistera baino azkarrago izan dadin, haurrek ez hausteko gisan. Eguberritarako opari ona izan daitekeela uste dute sortzaileek, eta jada eskutik.eus atarian salgai eman dute 160 eurotan.