Gutxi baloratua den lanbidea da AESH haur elbarrituen laguntzaileena. Hilabete hastapenean, greba egin zuten haien lan baldintzak salatzeko. AESH lana, lan prekarioa dela deitoratzen dute aspalditik. 800 eta 1000 arteko soldatarekin, ezin dute 29 oren baino gehiago lan egin, klasean direlarik pagatuak baitira. Berriki, kontratu muga gabeak izenpetzera behartuak badira ere, gauzak ez direla hobetzen erran digu Garazi Amorenak. Badira bederatzi urte lan horretan ari dela, entzungo dugu ondoko berri sailean.
Ipar Euskal Herri barnealdeko merkataritza indartzeko sortu zen Pays Basque au Cœur 2007 urtean. Elkartearen egitasmo nagusia, sareko kide diren dendetan baliatzen ahal diren opari-txekeak dira. Baina orain, gazteenak erakartzeko txartel digtalak eskeiniko ditu hemendik aitzina, eta elkartearen webgune berritik ere, noiznahi eta nonahitik opariak egiten ahalko dira. Azkenik, opari-txekeak zein saltegitan erabiltzen ahal diren jakiteko aplikazio bat ere abiatu dute. Maialen Etchebest eta Claire Orabe Pays basque au Cœur elkarteko kideak izan dira Goiz Berriko gomitak.
Bidasoa Ibaia Garbi ekimenak Bidasoa ibaiaren 20 kilometro garbitu dituzte. Hamarnaka herritarrek parte hartu dute ekinbidean. Birziklatu elkarteak deiturik, Lesakatik Hondarribira arte, ibai bazterretan edo uretan kayakekin aritu ziren lanean goiz osoan, eta ehunka kilo zikinkeria bildu zituzten. Gurpilak, kableak, hodiak, boteilak edo oheak atzeman zituzten besteak beste, eta garbitzeaz gain, kontzientziatzeko helburua ere bazuen jarduerak. Lapurdiko aldean, Bil Ta Garbi egiturak hartu zuen bere gain bildutako zikinen garraioa eta sailkatzea.
Iragan larunbatean ireki zituen ateak Behaskane-Laizketako herriko etxea berriak, herritar eta hautetsien presentzian. Pilota plaza eta elizaren artean kokatzen da eraikin berria. Herriko hirigintza planaren ondorioetako bat izan zen herriko etxeak beste egoitza bat behar zuela, orain arte, eskola pribatuaren eraikin berdinean baitzen. Orotara, 595.000 euroko kostua ukan du proiektuak, eta haren %62a Estatuak, Departamendtuak eta Euskal Hirigune Elkargoak diruztatu dute.
Israelek Gazako hiriaren leku husketa osoa agindu du. 24 oreb eman ditu zerrendaren iparraldean bizi diren herritarrak hegoaldera mugiarazteko. Milioitik goiti pertsona bizi dira bertan. Nazio Batuen Erakundeak agindu hori bertan behra uzteko galdegin dio Israeli. Larunbatetik, 1.500 palestinar baino gehiago hil ditu Israelek, eta 6.600 baino gehiago zauritu, Gazako Gobernuaren arabera. Hamasek gutxienez 1.300 israeldar hil ditu, eta 3.200 zauritu. Israelek uko egin dio Gazako blokeoa altxatzeari, Hamasek bahituak askatu arte. Hainbat senide desagerturik ditu ere Milia Arranbide Hendaiako israeldarrak. Alta, ez du bat egiten Gazaren okupazioarekin. Gaurko Goiz Berri emankizuneko gomita izan da.