Antton Kurutxarri Baigorriko auzapez berria da

Antton Kurutxarri Baigorriko auzapez berria bilakatu da joan den larunbatean. Kontseilua bildu zen eta sorpresarik gabe, orain arteko axuantak, Jean Mixel Coscaraten segida hartuko du. Azken hau behartua izan zen karguaren uztera osagarri arazoen ondorioz. Kriztof Arotzarenak auzapez berria elkarrizketatu du.

Filipe Oihanburu dantzari eta koreografoa hil da

102 urterekin zendu da Filipe Oihanburu Miarritzen. Euskal dantzak munduari ezagutaraztea izan du helburu, eta profesionalki aritu da euskal dantzetan oinarritutako ikuskizunak atzerrian aurkezten. Olaeta balleteko kidea izan zen, eta Oldarra nahiz Etorki dantza taldeen sortzailea. Dantzaren aditu ez ezik, musikaria eta abesbatza zuzendaria ere izan zen Oihanburu. Ehun urte bete zituelarik elkarrizketa berezia egin zioten Euskal Irratiek; bertan, bere bizipenak eta ibilbidea aipatu zuen.

Saharari buruzko euskarazko lehen kazetaritza kronika idatzi du Kristina Berasainek

'Sahara, herri bat erresistentzian' liburua argitaratu du Kristina Berasainek. Urte luzez jarraitu du Mendebaldeko Saharako gatazka, 2005ean BERRIA egunkariko kazetari gisa lurralde okupatuetara lehen aldiz bidaia egin zuenetik. Liburuarekin batera, ‘Saharari Kantari’ diskoa plazaratu dute eta kontzertu solidarioa ere eginen dute abenduaren 22an, Donostiako Kursaal aretoan. Kontzertu berezi horretan Euskal Herriko eta Saharako hamairu artista gonbidatu izanen dira.

Ingurumenaren kontrako delituak zorrotzago ikertu eta zigortuko dituzte Departamentuan

Protokolo berri bat Ingurumenaren suntsitzeak hobeki zigortzeko. Hondakinen botatze salbaiak, uraren kutsatzea, arrantza edo ehizaren kontrola… Hainbat gaietan gertatzen diren arau hausteak administrazioaren eta justiziaren artean hobeki bideratzea da xedea. Hitzarmena izenpetu dute Baiona nahiz Paueko auzitegiek, prefeturak eta ingurumen saileko hainbat poliziak. Helburua da, ingurumena suntsitzen duten arau hausteen kontra eraginkorragoak izatea. Horrekin batera frantses gobernuak mila milioi euroko aitzinkontua iragarri du bioaniztasuna babestu eta ingurumen saileko 150 ikuskari postu sortzeko. Aurten, hondakinen uzte salbaia egiteagatik 203 prozedura martxan eman dira departamenduan.

Orpustanek jasoko du Eusko Ikaskuntzaren Ohorezko saria

Jean Baptiste Orpustan hizkuntzalari ortzaiztarrak jasoko du aurten Eusko Ikaskuntza eta Baiona hiriaren Ohorezko kultur saria. Harekin batera sariztatuko dituzte ere Maitena Duhalde eta Inge Arin. Duhaldek Kultur tesia saria eskaini diote Lapurdiko itsas hegiko euskararen azterketa dialektologikoaz egin ikerketagatik, eta Ingeri Bideo-Sorkuntzaren saria 'Ahots Hariak' dokumentalarengatik. Orpustan ez da izanen osteguneko sari banaketa ekitaldian, eta Jon Casenavek irakurriko du haren esker mezua.