Lurxurietako harrobi zaharreko hondarkindegiaren etorkizuna zalantzan da. Aiherra eta Donoztiri artean, Donapaleuko bidean da harrobia. Baziren hamar urte Durruty enpresak gunea baliatzen zuela hondarkin geldoen biltegi bezala, birziklatzen ez diren hondarkinendako, marbrea, harriak edo betoia bezala. Joan den abenduan, hondarkin horien metatzeko baimena bukatu zitzaien baina Durrutyk berritu nahi du eta gunea handitu. Aiherrako eta Donoztiriko herriko etxeak kontra agertu dira, baita herritar batzuk ere. Proiektuaren tamaina eta ingurumenean izan daitezkeen ondorioak dira kezka nagusiak. Afera uztailaren 8a aitzin trenkatuko da, prefetak CODERS batzorde bat bilduko du, ingurumenaz arduratzen den batzorde bat. Ororen buru, prefetak du azken hitza ukanen.
Duela bi aste 27 pertsona atxilotu zituzten Ipar Euskal Herria nahiz Gipuzkoan, angulen legez-kanpoko salerosketari loturik. Guardia Zibilak Oiartzungo enpresa batean egin miaketen irudiek galderak eta dudak sortu dituzte. Poliziak angulak atzeman zituztela azaldu zuten, baina irudietan ageri diren animaliak aingirak direla diote adituek. Gainera oraingoa, ez da angula arrantzatzeko sasoia. Bestalde, atzemandako animaliak Nafarroako erreka batean askatu zituztela erran bazen ere, informazio hori gezurtatua izan da, Gipuzkoako erreketara isuriak izan baitira. Europako Batasunaren barnean, haizu da aingirak saltzea inolako mugarikgabe. Momentuz, hamar pertsonen kontrako auzibideak irekiak dira. Iker Kasares, Oiartzungo angula enpresa bateko langile-ohia elkarrizketatu dute Euskal Irratiek.
Arta paliatiboak eritasun larria dutenendako artak dira eta Donapaleuko ospitalean lau ohe berri idekiko dituzte. ARSaren baimena ukan eta, erizain eta erizain-laguntzaile berriak igurikatzen dituzte oheen irekitzeko. Arta paliatiboen barne dira ere bizi bukaerako artak, eta hiltzera laguntzeko diren dispositiboak. 2016 urtetik, Cleys-Leonetti legearekin, eri bat lokarrarazten ahal da zendu arte, baldintza zehatz batzuk beteak badira. Graxi Etxebehere erizain erretretaduna da, eta bere bizi bukaera prestatzen ari da:
Kontsumitzen dugun elektrizitatearen %6a baizik ez da ekoizten Iparraldean. Arazo hori arintzeko xedez, I-Ener sozietateak panel fotovoltaiko parkeak garatu nahi ditu hondarkindegietan. Lehen aldiko bat sortuko dute Senpereko Zaluaga hondarkinegian, 2024 urte ondarreko prest egonen dena. Abantsu hiru hektareako hedadura ukanen du parkeak. Patxi Bergara, I-ener sozietatearen presidentea elkarriketatu dute Euskal Irratiek.
Xiberoako ekonomia laguntzen duen ODACE egiturak lau ardatz nagusi finkatu ditu heldu den urteei begira, egin berri duen biltzar nagusian: Langile eskasari aterabidea atxemaitea, lan eremuak xekatzea, enpresen transmisioa segurtatzea eta formakuntza garatzea lizeo ezberdinetan. Bestalde, Sohütako lizeoan XIBETEK izeneko plataforma teknologikoa plantan ezarriko du 2024ean. Hortara jiten ahalko dira bai lizeoko irakasle, ingeniari edo teknologia berri eta robotetan formakuntza hobetu nahi duten langileak ere bai. Jean Jacques Carriquiriborde, ODACE-ko buru berria izan da Euskal Irratietako gonbita, Goiz Berri saioan.