Nafarroako Erriberako eta Erdialdeko 40.000 hektareako zerealari bideraturiko lur eremua galdua da. Hala dio Nafarroako Gobernuak. Iaz ere hainbat urtegi kasik urik gabe gelditu ziren eta aurten arazoa handiagoa izanen dela aurreikusten dute. Horrek ondorio larriak ditu zereal hazkuntzan, landaketa ezineakoa baita eta galerak handitzen baitira. Ondorio larria ere kabalengan, menditik lehenago jautsi behar baitituzte bazka eta ur eskasez. Gogoeta sakon bat egin behar dela iduritzen zaio Patxiku Irisarriri, Nafarroako EHNE Euskal Herriko Nekazarien Elkartasuna sindikatuko idazkariari. Zerga beherapenak eta kaltetutako uztaren lastoa, biomasa gisa erre eta energia iturri gisa erabili ordez, kabalak elikatzeko baliatzea galdegin dute sindikatuek.
Ekainaren 9 eta 10an ospatuko da Ziburuko Xaltaian musika festibala. Osoki urririk izanen da, eta hirugarren ediziorako egitaraua prest dute. Aurten, bi egunez, Zokoan eta Ziburuko pilota plazan bi gaualdi izanen dira. Gonbidaturiko musika taldeen artean dira Zortzi, Ixabe, Deabru Beltzak, Kraft, Honky Tonky trio eta Gatibu. Adur Larrea marrazkilariak sortu du aurtego edizioaren afixa.
Hamairugarren urtez segidan Euskal Kultur Erakundeak, CPIE Euskal Itsasbazterrak eta Euskal Idazleen Elkarteak euskarazko literatura sorkuntza egonaldi bat proposatuko dute hilabete batez udazkenean Abadia eremuko Nekatoenea baserrian, eta bigarreneko hilabetea Pasai Donibaneko Hugoenea etxean. Deialdia luzatu berri dute.
Jendarmeriak eta Espainiako Guardia Zibilak hogei pertsona atxilotu ditu atzo, Euskal Herriko hainbat txokotan. Angulen legez kanpoko trafikoari loturiko operazioa da. Bidaxunen enpresa baten egoitza miatu dute; bertan, hainbat pertsona atxilotu eta Paueko komisaldegira eraman dituzte. Landetan ere, enpresa horrek Saint Vincent de Tyrossen duen egoitza soziala miatu dute, baita Oiartzun eta Getariako enpresa bana ere. Baionako prokuradoreak azaldu duenez, tamaina handiko operazioa izan da eta eskualde arteko juridikzio bereziak darama. Europol eta Europako iruzurren kontrako OLAF erakundek ere parte hartu dute. Ikerketa irekirik segitzen du.
Urte bukaera bururatuko dira Angelu eta Senpere artean, Errobi eta Helbarruneko ur lantegien arteko interkonesio lanak. Ur eskasi lanjeraren aitzinean, lotura horri esker 13.000 metro kubiko ur garraiatzen ahalko dira egunero, Hego Lapurdi aldera, eta 8.000 metro kubiko iparrera buruz. Nolanahi ere, Euskal Hirigune Elkargoak argi du sistema horrek ez duela dena konponduko. Udako idorte sasoiari begira, sentsibilizazio kanpaina azkartuko du Elkargoak, herritarrek ur gutxiago kontsumitzeko xedez. Edateko uraren prezioaren emendatzea ere ezin bestekoa izanen dela ohartarazi dute.