Konkolotx elkarteak Ipar Euskal Herriko zortzi haurtzaindegi eta haurtzain-etxe euskaldunak saretzen ditu. Guztien artean, 110 haur eta 140 familia biltzen dituzte. Duela hainbat hilabete erakunde publikoen laguntza eskasa salatu zuten, eta ohartarazi zuten ez dutela gaitasunik jasotzen duten galde handiari ihardukitzeko. Izan ere, urtero ehun bat eskaera ezeztatzen dituzte Konkolotxeko egiturek. Azken aldian hezitzaile euskaldunak xerkatzen dituzte. Elorri Arin Konkolotx elkarteko koordinatzaileak azaldu digunez, ama eskolan emaitza onak ematen ditu lehen haurtzarotik euskaran murgiltzeak.
Abenduaren 3an ospatuko den Euskararen Nazioarteko egunaren kari, euskarak lan munduan duen garrantzia azpimarratuko dugu aste honetan. Astearte honetan, Oztibarreko osagarri etxera jo dugu, Erik Ugarte kinesiterapeutarekin mintzatzeko. Oztibarren medikuntza zerbitzuak euskaraz jaso ahal izatea «baitezpadakoa» dela erran digu.
Gazte elbarritu baten abentura lagunduko dute Navarre lizeoko sukaldaritzako eta ostalaritzako ikasleek. Goelette errotadun aulki batekin, Nepalen mendi erronka egitea dute helburu Hegoak Mendian elkarteak. Espedizioa egiteko diru biltze kanpainaren kari, azaroaren 30ean elkartasun afaria eginen dute. Horrez gain, ikasleen sentsibilizatzeko, ostiralean zurgintza saileko ikasleek goelette aulki batekin korrika eginen dute Donibane Garazin gaindi.
Hogei haurri ezekoa eman behar izan die Xiberoako euskal haurtzain-etxe bakarrak. Azken ikasturteetan, Xübükotak ezin izan die galde guztiei iharduki, haien azpiegitura bakarrik hamar haur hartzeko prestatua baitzen. Gaur egun, hamabi haur dira, baina, urtez urte, lehen haurtzaroan euskaraz ikasteko galdea handituz doa. Leku berria Mauleko erdigunean izanen da, eta aparkaleku bat izanen du. Xiberoako lurraldeko hautetsien laguntza ukan dute eraikin berria atzemateko. Euskal Hirigune Elkargoak eta CAF familien laguntza kutxak 7.400 euroko laguntza eskainiko diote Xübükotari haur bakoitzeko, orotara, 88.800 euro inguru. Laguntza horretaz baliatuko dira ere Konkolotx sareko gainerako haurtzaindegi eta haurtzain-etxeak.
Marokon jokatu zen Europako bodysurf txapelketa, eta Uhaina-Kailani Hegoas hiriburutarrak Sub-18 kategoriako eta kategoria irekiko txapelak irabazi ditu. Sarien banaketan ikurrina erakutsi zuen lapurtarrak. Irailean bi kategoria horietan irabazle izan zen Angelun. Hamabost urte baizik ez ditu eta sail irekian, bere aita kontra lehiatu zen; Matias Hegoasek hirugarren postua erdietsi zuen. Ondorioz, aitalabek 2024an Hawain jokatuko den Munduko Bodysurf Txapelketan parte hartzeko sarrera eskuratu dute.
- Euskaldun kopurua handitzea, euskara Iparraldean biziberritzeko gakoa
- Urepele eta Zestoa, bertsolaritzak eta laborantzak senidatutako bi herri
- Senpereko Hurbil eraldatze tailerrak laborari kide berriak xerkatzen ditu
- «Euskal musika tresna herrikoiak geroz eta presenteago dira Iparraldeko Kontserbatorioan»