Euskaldun kopurua handitzea, euskara Iparraldean biziberritzeko gakoa

Euskararen aldeko hizkuntza politika ausartagoa galdegin dute Euskal Konfederazioko eragileek, Maider Behoteguyk Euskararen Erakunde Publikoaren lehendakaritza hartu zuen ber egunean. Eneko Gorri Plazara kooperatibako kidea«euskararen aldeko adostasun bat» badela uste du, azken urteetan «arraildurak» sentitzen ditu baliabideen aldetik. Gainera, euskararen «egoera larria» ikusirik, garrantzitsua deritzo «klima eta etxebizitza krisiekin egin bezala, euskararen alarma ere piztea». Max Brisson senatari eskuindarra eta EEPko lehendakari ohiak bat egiten du ikuspegi horrekin, eta hizkuntza politikan urrats bat aitzina egiteko unea dela uste du. Gakoa eskolaz kanpoko gaztetxoen aktibitateetan dagoela kokatzen du Brissonek. Alta, ez du uste ofizialtasuna frantses Estatuan posible denik.

 

Eneko Gorri:

Max Brisson eta Sébastien Castet:

Urepele eta Zestoa, bertsolaritzak eta laborantzak senidatutako bi herri

Duela astebete senidetze ituna izenpetu zuten Zestoa eta Urepeleko herriek, eta asteburu honetan Baxe Nafarroako herrian berretsiko dute. Gipuzkoako herriak dio Urepeleri proposamena luzatu, alde batetik, bertsolaritzarekin zuten harremana kontutan hartuz, eta bestetik, laborantzaren baloreen inguruko trukaketa egiteko xedez. Hainbat proiektu aitzinikusi dituzte, besteak beste, pilota, dantza eta bertsolaritza ardatz dituzten trukaketak, Zestoan Urepeleko ekoizpenen merkatu bat egitea eta bi herrien arteko ibilbide seinaleztatu bat egitea.

Senpereko Hurbil eraldatze tailerrak laborari kide berriak xerkatzen ditu

Hego Lapurdiko etxe ekoizleek, bestelakotze tailer berri-berria eskura dute Senpere Lizardi lan-eremuan. Duela urtebete estreinatu zuten eta bertan, baserriko ekoizpen oro bestelakotzeko baliabideak eskuragarri dituzte elkarteko kideek. Orain arte, hamar etxaldek baliatu dute baina oraino anitzendako tokia bada; izan ere, ehun tona ekoizteko gaitasuna du 400 metro karratuko azpiegitura horrek. Tresneria eta ekipamendua etxe ekoizleen beharretara egokitua da eta hainbat erosketa mutualizatzen dituzte. Horrez gain, haragia bestelakotzeko harakin baten laguntza dute bertan. Gune hori fruituak, barazkiak eta eztia eraldatzeko prestatua da ere bai. Ostegunean ate irekiak egin dituzte inguruko etxe ekoizleei gunea aurkeztu eta Hurbil elkarteko kide izatera bultzatzeko.

«Euskal musika tresna herrikoiak geroz eta presenteago dira Iparraldeko Kontserbatorioan»

Arteen Artean festibalak bigarren edizioa du aurten. Iparraldeko kontserbatorioak eta bere partaideek egonkortu nahi duten ekimena da, euskal kultura, hizkuntza, sorkuntza eta aktibitate artistikoak balioan emateko eta transmisioa bermatzeko. Aste batez hitzordu desberdinak antolatu dituzte dantza, musika, antzerkia eta kantuaren inguruan. Larunbat goizean, «Iparraldeko Kontserbatorioan euskal musika, dantza eta antzerki saila egituratu eta garatzeari buruzko aukerak» izenburuko mintzaldia eskainiko dute. Programa guztia atzemanen duzue ospb.eus webgunean. Kontserbatorioko euskal kulturaren arduraduna da Marie Hirigoien, eta Goiz Berri saioan egitarauaren berri eman digu.

«Ikasgela bakoitzean, bataz beste, bi haurrek sexu erasoak jasaten dituzte Frantzian»

Lau emazte eta haur bat hil dira Euskal Herrian bortizkeria matxistaren ondorioz aurten. 2003 urtean gisa honetako kontaketak hasi zirenetik, 121 emazteren eta 12 haurren heriotza kontatu dira. Azaroaren 25a, emazteek pairatzen dituzten bortizkerien salatzeko eguna da. Lekukotasun ezberdinak bildu ditugu karia hortara, horietan Leire Etxandirena. Pediatra da Baionako ospitalean eta duela urte bat arte, tratu txarrak pairatzen zituzten haurrekin lan egiten zuen. Goiz Berriko gomita izan da.