Etxebizitza eskumen handiagoa galdegin dio Elkargoak Parisi

Botere eta diru laguntza gehiago galdegin dizkio Euskal Hirigune Elkargoak Frantziako Gobernuari, lekuko etxebizitza politika azkar bat abiatzeko. Horretarako, AOH Etxebizitza Antolatzeko Autoritatea bilakatu nahi luke. Bestalde, Energia eta bizitegia izeneko bi egoitza ere sortuko ditu aurten, Donapaleun eta Baionan, berritze energetikoari eta bizitegiari doazkien galderen inguruan herritarrak kontseilatzeko. Hainbat herriko etxeren laguntzeko azterketa ere darama, zenbait egoitza zaharberritzeko eta herri erdigunean berpizteko xedez.

Bigarren etxebizitzen emendaketa salatu du EHBai-k

Bigarren etxebizitzen inguruko kanpaina abiatu du koalizio abertzaleak. Getarian aurkeztu dute, preseski, bigarren bizitegiek lehen bizitegiak gainditzen baitituzte bertan. Orotara Ipar Euskal Herrian 42.000 bigarren bizitegi badira, parke osoaren %20 inguru. Fiskalitate eta lege aldaketa galdegiten du EHBai-k. Afitxak ezarri dituzte herri guztien sarreretan, bigarren etxebizitza kopurua agertaraziz. Nicolas Blain, EHBai-ko bozeramaileak azalpenak eman ditu:

Brebeta euskaraz, baxoa oraindik frantsesez

Brebeta osoki euskaraz pasatzen ahalko dutela jakinarazi du Pap N’Diaye Frantziako Hezkuntza ministroak berriki, Euskararen Erakunde Publikoari. Denbora berean, astelehen huntarik goiti, Baionako Etxepare lizeoko 120 ikasleek baxoaren berezitasunezko frogak frantsesez pasatu beharko dituzte. Peio Jorajuria Seaskako lehendakaria Goiz Berri saioko gomita ginuen.

Bidaia, Baiona Ttipiaren historian barrena

Baiona Ttipiaren bisita atipiko bat eskaini zuten larunbatean Jakes Bortairuk eta Dominika Daguerrek. Urteak dira Baionan bizi direla eta hamarkada ezberdinak ezagutu dituzte, garai ilunenetarik, borroka molde ezberdinetatik, gaur eguneraino.

Mobilizazio aldi berria hauspotu du 49.3 artikuluaren baliapenak

Mobilizazio deialdia luzatu dute sindikatuek, heldu den martxoaren 23rako. Erretreten erreformaren lege proiektua indarrez pasarazi du Elisabeth Borne Frantziako lehen ministroak, Asanblea Nazionalean bozkatu gabe. Lehenago Emmanuel Macron presidenteak ministroen kontseilua deitu zuen, urgentziaz, 49.3aren aplikapena ahalbidetzeko. Ostegun goizean Senatuak baiezkoa eman zion erreformari, 193 aldeko eta 114 kontrakoekin. Haatik, Asanblean 38 bozka eskas zituzten. Konstituzioko 49.3 artikuluaren baliapenak haserrea piztu du ere Iparraldean. Baionan atzo intersindikalak deiturik 150 bat lagun mobilizatu dira Baionako Suprefeturaren aitzinean, eta zakar poltsak utzi dituzte egoitza sarreran. Angelun, CGT sindikatuko zamaketariak, burdinbideetako, metaleko eta energia arloko langileekin batera biribilgune bat blokeatu dute; eta horrez gain, portuko aktibitatea gelditzea erdietsi dute berrehun bat langilek. Era berean, LAB, FSU eta Solidaires sindikatuetako hamarnaka kidek Hendaia eta Parise arteko tren bat otzopatu dute oren erdiz, Hendaiako geltokian. Zuzenean entzun ditugu gaur Euskal Irratietan, Argitxu Dufau (LAB), Jean-Pierre Etxeberri (CFDT) eta Peio Dufau (CGT).