Frantziako lehen ministroa Biarritzera heldu da ostegun goiz honetan mezu argi batekin: gobernuak energia geotermikoa funtsezkoa dela deliberatua du. 'Urre meategia dugu lurzoruaren azpian, baina frantses gehienek ez dakite dugun altxorra", erran du François Bayrou-k kongresuaren hastapenean. Energia garestitzen ari den garaiotan, energia berriztagarriak, energia nuklearrarekin orekatu behar direla gehitu du Paueko auzapez eta lehen ministroak. Energia geotermikoa ez da goiz honetan sortua, baina Frantziako gobernuak bultzada eman nahi duela azpimarratu du Bayrou-k, nazioarteko gertakariek Frantziaren subiranotasun energetikoa birpentsatzera eramaten baitute.
Azkenean bere garapen proiektua eramaiten ahalko du Beskoitzeko Ikastolak. Aitzineko herriko kontseiluarekin krisia bizi izan ondotik, egoera ainitz hobetu dela 2024tik auzapez den Pascal Jocouren kontseiluarekin erran daiteke. 7.200 m2-ko lurra erosiko die saltzaileei Beskoitzeko Herriak EPFL Lekuko Lurren Erakunde Publikoaren laguntzarekin. Jakin behar da gune hori ekipamendu publikoetarako erreserbatua zela PLU Lekuko Hirigintza Planean. Horren bitartez merkatu pribatuaren prezioa baino ainitzez apalagoan estimatu du Les Domaines erakundeak, 35 eurotan metro karratua hain zuzen ere. Saltzaileak eta EPFLak akta pribatua izenpetua dute. Milioi bat Euroko proiektua burutuko du Seaskak gune horretan. Obrak urte bukarean hasiko dira. Eta 2026/27ko sartzerako prest izan behar litaike Beskoitzeko Ikastola berria.
Kanboko Ursuia Klinikaren hestea erabaki zuen ARS Eskualdeko Osagarri Erakundeak apiril bukaeran. Idekirik segitzeko hainbat baldintza ez zituelako gehiago betetzen zuzendaritzak. Ondorioz ez da gehiago egoiliarrik maiatz hastapenetik. Bainan 45 egunez lanerat debaldetan jin behar izan dute langileek. Egoera ezinegon bezain zentzugabearekin gelditzeko CSE enpresa komitea Dominique Diharce zuzendariarekin bildu da astearte arratsalde huntan. Eta azkenean etxean egoiteko baimena onartu die zuzendariak. Maiatzeko soldata ordaindu badie garantia funts batek, ekainekoa normalki zuzendaritzak pagatu behar lieke. Eta ez balu egiten likidazioan ezarria izaiteko arriskua baluke Klinikak.
Hendaiako Herriko Etxeak eta Ondarearen Fundazioak diru bilketa kanpaina abiatu dute eliza zaharberritzeko. Guztira, proiektuak milioi bat euroko kostua izango du, eta 120.000 euro biltzea dute helburu. Azken zaharberritzea 1986an egin zen, eta orduko lanek arazoak sortu dituzte: hormigoizko paretek hezetasuna pilatzen dute, eta horregatik, orain kareaz ordezkatuko dira hormek arnasa har dezaten. Altzariak eta barneko elementuak ere berrituko dira, eta berokuntza sistema gasetik elektrikorako trantsizioa egingo da. Gainera, usoen gehiegizko hazkundea kontrolatzeko, falkoientzako habiak jartzea aurreikusi dute. Sustatzaileen hitzetan, eliza "guztion artean" berritu behar da, belaunaldi berrientzat eta etorkizunerako.
Miarritzen eta inguruko herrietan —Bidarte, Basusarri, Arangoitze, Ahetze, Arbona eta Getarian—, postariak mobilizatzen hasi dira lan-baldintzen okertzearen aurka. Plantan ezarri den antolaketa berriak lan-karga handitu du, eta horrek lan- eta osasun-baldintzak arriskuan jartzen dituela salatu dute. FO sindikatuaren arabera, aldaketa berriek hainbat ondorio izan dituzte: publizitatezko dokumentuen banaketa postari guztien gain utzi da, ibilbideak luzatu dira, eta langile kopurua murriztu denez, banaketa-zereginak pilatzen ari dira. Postarien arabera, sistema berriak ez du kontuan hartzen tokiko errealitatea. Miarritzeko bulegoan, gaur egun, 15 postari inguru ari dira lanean —horietatik bi scooterrez eta gainerakoak bizikletaz—. Goizeko 7:45ean hasten dute lana, eta 9:00etatik 12:30era bitartean egiten dituzte banaketa-ibilbideak. Lan fisikoaren pisua gero eta handiagoa da, eta horrek arrisku gehiago dakarkie. FO sindikatuak hainbat eskaera zehatz aurkeztu dizkio zuzendaritzari: goizeko ordutegia aurreratzea, publizitatearen banaketarako denbora berezi bat ezartzea, eta adineko langileentzat ibilbide arinagoak eskaintzea, besteak beste. Momentuz, ordea, Mugerreko zuzendaritzak —Miarritzeko bulegoaz arduratzen denak— ez du erantzun zehatzik eman. Antolaketa-eredu hau Hazparnen aplikatzen hasi dira dagoeneko, eta Baionan zein Angelun ezarri nahi dute urritik aurrera. Langileek, ordea, ohartarazi dute: baldintzak ez badira hobera egiten, lan-giroa eta zerbitzuaren kalitatea arriskuan jarriko dira.