Gure lurraldeko lurpea ezagutzeko parada, harpeen nazioarteko egunaren kari

Ekainaren 6an, Lurpeko eta harpeetako nazioarteko eguna ospatuko da. Egun hori nahi dute baliatu Europako hainbat harpe edo leizeek galde berezi baten azkartzeko. Saretu dira eta galdea egin dute UNESCO munduko ondaretzat sailkatuak izaiteko. Hori lortuz gero, posibilitate ainitzez gehiago balirateke indusketa eta kontserbazio lanen laguntzeko. Isturitze eta Otsozelaiko harpeen edota Sarako leizeetan hitzordu desberdinak antolatu dituzte ostiral huntarako, Lurpeko eta harpeetako nazioarteko eguna ospatzeko. Izturitze eta Otsozelaiko harpeetan, argazki-bisita bat izanen da 9:00etan eta 17:00 orenetan soinuek apaindutako bisita bat. Sarako leizeetan, aldiz, 18.30etan Diego Garate adituak Euskal Herriko harpe apainduei buruzko mintzaldia eskainiko du.

Eñaut Etxamendi: «Euskaltzaindiak euskararen historiaz eta etimologiaz errandakoei, kontrako arrapostua eman nahi nien»

Eñaut Etxamendi eta Txomin Davant ikerlariek euskararen jatorriaz ikerketa bat burutu dute, eta haren emaitzak 'Euskararen hitzorkunaz eztabaida' izeneko liburuan bildu. Liburua Maiatz argitaletxearekin argitaratua izan da, eta berezia da, hiztegi baten gisan antolatua baita. Euskaltzaindiak euskararen historiaz eta hainbat hitzen jatorri etimologikoaz egindako lanei arrapostua eman nahi izan diete bi hizkuntzalariek, euskarak «Europako beste hizkuntzen sorreran ukan duen papera» nabarmenduz. Egileek euskarak inguruko beste hizkuntzekin —frantsesarekin, gaztelaniarekin, latinerarekin eta beste batzuekin— duen harreman estua aztertu dute. Hitz bakoitzaren jatorria xeheki aztertzen dute, nondik heldu den ulertzeko. Liburu honek ez du soilik jatorriak ematen, baizik eta eztabaida pizten du, euskararen izaera eta bere historiaz gogoetatzeko.

Fruitu eta barazki ekoizleen saila sortu dute ELB sindikatuan

Baratzezaintzak dituen zailtasunak azpimarratu dituzte ELB sindikatuaren baitan bildu diren fruitu eta barazki ekoizleek. Prentsaren aitzinean agertu dira ipar Euskal Herriko baratzezainak, hainbeste aho elikatzen dituen saila ez dela oraindik aski ezaguna azpimarratzeko. Urte osoko lan bat dela esplikatu dute. Lanbide aberatsa baina aldi berean hauskorra, beti klimaren menpe baitira laborariak: eurite, haizete edo ekaitzei aurre egin behar diete eta edozein kalamitateren aitzinean laguntza gutxi eskuratzen dute. Europako PAC laguntzetatik kopuru biziki apala jasotzen dute eta biologikoan eskuratzen zutena kentzea erabaki du Frantziako estatuak. Ezagupen handiagoa lortzea espero dute beraz denen artean bateratuz.

Erlezainen arrangura piztu du neonikotinoideak baimenduko dituen Duplomb legeak

Duplom legeak erleengan arrisku handia sortzen du. Joan den astean, Duplom legea batzorde misto parekidera pasatu da. Horrek eztabaidak sortzen ditu laborarien artean, lege horrek laborariek dituzten oztopoen kentzea helburu duela justifikatzen da. Preseski, ur putzu handien baimena ahalbideratzea eta acetamipride pestizida onartzea da lege horren helburua. Jakitekoa da pestizida horrek arrisku handiak ekartzen ahal lituzkeela bereziki erle eta intsektuengan. 2018tik geroztik acetamipride pestizida ez da gehiago erabilgarri Frantziar Estatuan,horrek eragin lezakeen arriskuak ikusirik. Jakin behar da, produktu hau, neonikotinoide intsektizida familian kokatzen dela eta ezagutua dela bere toxikotasunak intsektuen eta erleen nerbio sistema zentralean eragiten duela eta heriotza dakarrela. Berriki Duplom legearen aipamena egin delarik Asanblea Nazionalean Frantziako Erlezaintzaren Batasunak lege hau salatu du erranez produktu horrek «erle anitzen hiltzea eragiten duela, %80a arte izan daitekeena». Frederic Forsans erlezaina ez da fidatzen, eta uste du lege hau pasako dela. Pestizida horrek gizakiengan ere arriskuak eragin ditzakeela salatzen da.

Paxkal Irigoien: «Orain arte ene izenean jo izan dut eta Xak taldea horren segida da»

Xak izeneko lan berria atera du Paxkal Irigoienek duela hilabete bat. Nahiz eta jadanik bakarkako lanak egin dituen, azken denbora horietan Paxkal Irigoien Garaztar artistak bakarkako lan bat plazaratu du. Disko hau 6 kantuz osatua da eta popa eta folka estilokoa da. Bertan, Allande etxeberri Etxartek baxuarekin lagundu du eta Julen etxeberri Etxartek baterian. Bertan gai arin eta ezberdinak aipatzen dira, egunerokotasuneko gaiak. Lan berri horren parada bada bai plataforma ezberdinetan, baita ere zuzenean, hala nola Tulalaikan ekainaren 8an eta loturak festibalean ekainaren 12an.